argia.eus
INPRIMATU
Europako herrialdeek gastu militarra nabarmen igoko dute, Ukrainako inbasioaren ostean
  • Versalleko Goi-Bileran elkartutako herrialdeek gastu militarra nabarmen igotzea akordatu dute, eta Errusiako hidrokarburoekiko dependentzia murrizteko erabakiak hartuko dituzte.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 12a

Gerra Europar Batasuneko mugatik kilometro gutxira dagoen honetan, Europar Batasuneko mandatariak Europaren ahultasun militar eta energetikoaz ohartu dira, eta Versalleseko Goi-Bileran ahultasun horri aurre egiteko erabakiak hartzeko konpromezua hartu dute. 27 herrialdeek gastu militarra handitzean eta energetikoki independienteagoak izatean jarriko dute fokua.

Balkanetako Gerren ostean, azken bi hamarkadetan bake erlatiboa egon da Europan; izan ere, gerra guztiak Europa ekialdean izan dira: Donbasseko Gerra, Nagorno Karabajeko Bigarren Gerra eta Txetxeniako Bigarren Gerra. Nolabaiteko bake egoera horrek Europar Batasuneko herrialde gehienek azken hamarkadetan defentsako gastua murriztea eragin du, baina Ukrainako inbasioa ikusita, aho batez onartu dute gastu militarraren igoera. Magdalena Anderson Suediako Lehen Ministroaren hitzak: "Zergadunen dirua eskoletan eta pentsioetan inbertitzea gustatuko litzaidake, baina defentsan gastatu behar dugu".

Hain zuzen ere, Donald Trump izan zen AEBetako presidentea zenean NATOko herrialde gehienek defentsan akordatutakoa baino gutxiago gastatzen zutela salatu zuena. NATOko herrialdeek akordatu zuten herrialde bakoitzak urtero gutxienez BPGren %2a gastatu behar zuela defentsan, eta 2021ean NATOko 30 herrialdeetatik hamarrek bakarrik gastatu zuten %2 edo gehiago. Espainiako Estatuak, esaterako, %1a gastatu zuen, 12.208 milioi euro, eta Frantziako Estatuak, berriz, %2a, 48.200 milioi euro. Frantzia, Grezia, AEBak, Kroazia, Erresuma Batua, Errumania, Polonia, Lituania, Letonia eta Estonia dira 2021ean gutxienez BPGren %2a defentsan gastatu duten herrialdeak.

Energiarekiko dependentzia

Europar Batasuneko herrialdeak esfortzu handiak egiten ari dira azken urteetan energia berriztagarrien ehunekoa handitzeko. Hala ere, erregai fosilek pisu handiena izaten jarraitzen dute, alde handiz. 2016. urtean, Europar Batasunean produzitu zen energiaren %17a zen soilik iturri berriztagarrietakoa.

Europar Batasunean, baina, erregai fosilen eskasia oso nabarmena da, eta horrek kanpoko herrialdeekiko dependentzia oso handia izatea eragiten du. Europak duen energia kontsumo altua kontuan izanda, kanpotik inportatu behar du gasa bai edo bai; izan ere, Errusia kontuan izan gabe, gas meategi bakarrak Iparraldeko Itsasoan, Norvegiako Itsasoan, Txipren eta Polonian daude.

Europak Errusiako gasa guztiz baztertzen badu, itsasontziz ekarri beharreko gasaren kopurua, garestiagoa, handitu egingo da, eta horrek energia baliabideen garestitzea areagotuko du; hala nola, erregaiena, gas naturalarena eta argindarrarena.