Ez dira gutxi gabonetarako COVID-19 izurriarekin loturiko neurriak zorroztu dituzten Europako herrialdeak, BBCn irakur dezakegunez. Ez-ohiko Gabon hauetarako bateko eta besteko herrialdeek hartu dituzten neurriei errepasoa egingo diegu jarraian. Herrialde bakoitzean 100.000 biztanleko azken hamalau egunetan zenbat kutsatu zenbatu diren adierazten duten datuak Europako Izurrien Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak abenduaren 14an emanikoak dira.
Herbehereetan 546,7 kutsatu 100.000 biztanleko 14 egunetan
Bost asteko konfinamendua abiatu dute, ezinbesteko ez direla jo dituzten denda, ileapaindegi, zinema eta gimnasioak itxiz. Eskolak ere asteazkenean itxi dituzte. Gobernuak herritarrei eskatu die ezinbestekoa ez bada, atzerrira ez bidaiatzeko martxo erdialdera arte. Gabonetako ospakizun egun zehatzetan etxe bakoitzean hiru gonbidatu arte sartu ahal izango dira. Hauxe da pandemia lehertu denetik herrialde honek hartu duen neurririk gogorrena.
Alemanian 341,1 kutsatu 100.000 biztanleko 14 egunetan
Konfinamendu agindua eman du gobernuak abenduaren 16tik urtarrilaren 10era. Eskolak eta ezinbesteko zerbitzu ez direla jotzen diren dendak itxita daude asteazkenetik aurrera. Jatetxe, taberna eta aisialdi guneak itxita daude joan den azarotik, soilik etxera eramateko janaria eskaini dezakete. Gabonetan, etxe bakoitzean gehienez bost pertsona batu ahalko dira, bi etxebizitzatakoak. Bidaiatzea debekatu dute, baldin eta ez bada ezinbestekoa. Arrisku gune batetik herrialde horretara sarten den edozein pertsonak hamar eguneko berrogeialdia igaro beharko du, bosgarren egunean negatibo ematen ez badu behintzat.
Italian 428,3 kutsatu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan
Egunean 500 pertsona ari dira hiltzen COVID-19agatik eta gobernuak esan du Gabonei begira neurriak zorroztea aztertzen ari direla. Oraingoz esana dute ez dela komeni etxe bakoitzera beste inor gonbidatzerik. BBCn diote abenduaren 24tik urtarrilaren 1era bitartean herritarrak konfinatzea aukeretako bat dela.
Erresuma Batuan 348,2 kutsatu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan
Orain hilabete ezarritako konfinamendua altxa berri du gobernuak, baina muga asko mantenduko ditu Boris Johnsonek. Hiru maila identifikatuta dauzkate: 3. mailan dago lurraldearen parte handiena, alerta gorenean, adibidez, Londres edo Manchester gisako hiriak eta hemen bilkurak leku itxietan debekatuta eta ostalaritza itxita daude. 1. mailan, arinenean, gehienez ere sei pertsonako bilkurak onartzen dituzte eta jatetxeek 23:00etan itxi behar dute. Asteazkenean berrikusiko dituzte neurriok eta gabonetan nola jokatu finkatuko dute. Herritarrei abenduaren 23tik 27ra burbuila txikiak egin eta mantentzeko eskatu die gobernuak dagoeneko. Eskozia, Gales eta Irlanda Iparraldeak beren arauak finkatu dituzte.
Austrian 472,5 kutsatu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan
Gehienez ere sei pertsona elkartu ahal izango dira etxe bakoitzean. Abenduaren 24tik 26ra, eta hilaren 31n, malgutu egingo dute neurria, hamar pertsona arte batzea baimenduz, kontutan hartu gabe zenbat etxebizitzatan bizi diren batuko diren herritarrak. Etxeratze agindua 20:00etatik 06:00etara egongo da indarrean, eta etxetik atera ahal izango dute soilik funtsezko arrazoiengatik. Jatetxeak eta tabernak itxita, soilik etxera eramateko zerbitzua, urtarrilaren 6ra arte. Hotelak ere itxita. Zinema eta antzokiak itxita. Gimnasioak ere bai. Hamar eguneko berrogeialdia egin beharko dute 100.000 biztanleko 100 kutsatutik gorako intzidentzia maila duten herrialdeetatik Austriara iristen diren herritarrek, bosgarren egunean eginiko PCR proban positibo emanez gero eteteko aukerarekin.
Danimarkan 523,7 kutsatu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan
Abenduaren 25etik urtarrilaren 3ra herrialdean dena itxita egongo da, elikagaiak saltzen dituzten dendak eta farmaziak izan ezik. Abenduaren 21ean hasiko dira komertzio batzuk ixten. Asteazkenean herrialde osora zabaldu dira eskolen, tabernen, jatetxeen, kiroldegien eta kultur guneen itxierak.