Europar Batasuneko hauteskundeei ostegunean eman zaie hasiera. Erresuma Batuko eta Herbehereetako herritarrak izan dira bozkatzen lehenak.
Aurreikuspenen arabera, alderdi “euroeszeptikoek” emaitza onak lortuko dituzte bi herrialdeetan.
Erresuma Batuan egindako galdeketen arabera, Nigel Farageren UKIP eskuin muturreko alderdiak eskuratuko du ordezkaritza zabalena, botoen %30 eta 24 eserlekurekin. Laboristek eta Toryek 22 eta 16 eserleku, hurrenez hurren, eskuratuko dituztela iragarri dute zenbait politologok.
Herbehereetan berriz, Geert Wildersen PVV alderdi xenofoboa bigarren indar nagusitzat jo dute inkestek, Democraten 66 alderdi liberalaren atzetik. %14ko babesarekin Europako Parlamentuan lau eserleku eskuratuko dituela aurreikusi dute zenbait adituk, orain arte baino bi gehiago.
Ostiralean Irlanda eta Txekiar Errepublikako herritarrei egokituko zaie boza ematea, larunbatean Letonia, Malta eta Eslovakian bozkatuko dute, eta gainerako 21 herrialdeetan igandean egingo dira hauteskundeak.
Hogeita zortzi herrialdetako ia 400 milioi herritar daude botoa ematera deituta, baina abstentzio zabala espero dute analista politikoek.