Europako hauteskunde kanpaina ostiralean itxiko da eta alderdi gehienek azken kartutxoak erreko dituzte boto-emaile zalantzatiak erakartzeko. Bilbon egingo dituzte amaiera ekitaldi gehienak.
EAJ Bizkaiko hiriburuan izango da: La Casillan antolatu du itxiera ekitaldia. Bertan Iñigo Urkullu lehendakaria eta alderdiko presidente Andoni Ortuzar, Izaskun Bilbao Europarako hautagaiarekin batera egongo dira. Bilbaoren esanetan "Europa Federal baterantz goaz eta bertan Euskadik bere lekua" izan behar du, Diario Vascon egindako elkarrizketa batean azaldu duenez..
Josu Juaristi, EH Bildu-Herriek Erabaki koalizioko zerrenda buruak arratsaldean emango dio kanpainari amaiera Bilboko Plaza Berrian, Sortuko koordinatzaile Hasier Arraizekin batera. Juaristik Europan “lehen egitekoa” presidenteei Euskal Herriko prozesuari buruzko bilkura bat eskatzea izango dela adierazi du, Garan egindako elkarrizketa batean.
PSEk Gasteiz hautatu du hauteskundeen aurreko azken agerraldia egiteko. Patxi lopez idazkari nagusiak Ramon Jauregui eta Eider Gardizabal hautagaiei babesa erakutsiko die bertan. Lopez eta jauregik Iruñean PSNk antolatutako ekitaldian ere parte hartuko dute.
PPk Bilboko Itsas Museoan emango dio amaiera kanpainari, Arantza Quiroga presidentea Carlos Iturgaiz eta Zoe Nubla Europarako hautagaiekin batera egongo da. UPyD berriz, Plaza Biribilean egongo da, eta Gorka Maneiro alderdiko presidentea eta Fernando Maura eta Manu Agirre hautagaiak egongo dira bertan.