Europa mailako ekimen kolektibo batek bakearen, irtenbide diplomatikoen eta armagabetzearen aldeko manifestua idatzi eta sinadura bilketa hasi du. Manifestuak dioenez, intelektualak, herritarrak bezala, “anestesiatuta daude”. Europako agintarien jokamoldea, NATOren bilakaera eta AEBen jarrera kritikatu dituzte. Errusiari militarki aurre egiteak Hirugarren Mundu Gerra ekar dezakeela azpimarratu dute.
Manifestua (Bakearen eta armagabetzearen aldeko deia) hainbat herrialdetako profesionalek sinatzen dutela dio agiriak. Bultzatzaileen artean daude Rafael Poch, Andy Robinson eta Joaquín Rábago. Ia 3.000 pertsonak sinatu dute agiria. Europako agintarien adierazpenek aztoratuta daudela diote, ari baitira aurkezten Errusia Europa osoarentzat mehatxu gisa, Ukrainan geldiarazten ez bada, behintzat. Errusiak Ukraina inbaditu izana kondenatzen dute eta gehitu dute Europako agintariek Errusiaren mehatxua darabiltela herritarren artean “berrarmatzeko adostasuna eraikitzeko”.
Abiadura handiko berrarmatzearen ondorioak
Berrarmatzeak zerbitzu publikoetan eragin negatibo handia izateaz gain, ongizate estatua higatu eta zor publikoak gora egingo duela azpimarratu dute. Eta batez ere, armagintza kontrolatzeko akordiorik ez badago, potentzia atomikoa den Errusia moduko herrialde batekin gerra egiteko aukera gehiago egongo direla gehitu dute.
Sinatzaileek diote trena agintariek gidatzen dutela “Errusia odoletan jarri” behar dela aitzakiatzat hartuta. Europako herritarrak “nahi gabeko bidaiari” bihurtu direla uste dute. Ondorioak oso txarrak izango direla eta “denok aterako garela galtzaile” gehitu dute.
Lokartuta dauden herritarrak eta intelektualak
Lehen Mundu Gerraren adibidea jarri dute. Gatazka hura lehertu baino lehen, elkarren aurka arituko ziren herrialdeetako intelektualek bakearen aldeko deia egin zuten, nahiz eta haien eskariak ez zituzten kontuan hartu.
Herrialde guztietako intelektualen isiltasuna azpimarratu dute, baita herritar europarrena ere: “Kezkagarriki anestesiatuak dirudite”. Bestalde, diplomaziaren alde ahotsa altxatzen duena berehala "Putinen txotxongilotzat” hartua dela deitoratu dute.
NATO, AEB eta Europaren jarrerak
NATO kritikatu dute sinatzaileek eta deitoratu dute bloke komunista desagertuta ere, ezerezean geratu beharrean, hedatzen jarraitu duela, Errusiaren mugetaraino iritsi arte.
AEBko presidente Donald Trumpek Ukraina espoliatzeko asmoa duela diote, eta “bide batez Europa zorpetzekoa, ongizate estatua gehiago ahuldu eta AEBko armagintza industriari onurak emateko”.
Europako agintariei aurpegiratu diete Ukrainari agintzen diotela diru eta arma gehiago, jakinda, gerra galduta daukala. Errusiari aurre egin beharko zaion mehatxupean, Europako herrialdeak abiadura handian armatzea proposatzen dutela kritikatu dute. Agintariei galdera hau egin diete: “Pentsatu al dute Errusia moduko potentzia nuklear bati militarki aurre egiteak Hirugarren Mundu Gerra eragin dezakeela?”. Oraingoan, azken mundu gerra litzatekeela diote sinatzaileek.