argia.eus
INPRIMATU
Europako funtsak eta putreak

GuNe Uribe Kosta 2020ko azaroaren 16a

Gabonak datorren abenduan izango diren arren, Eusko Jaurlaritzak opariak lehenago nahi ditu eta dagoeneko eskutitza bidali dio Olentzerori bere eskaera guztiekin. Eskatzea librea da, jakina, eta emango dietena dohainekoa baldin bada, zer esanik ez. Oraingoan, Olentzero Europatik helduko zaie, ekonomiaren berreskurapenerako funts horien bitartez, eta zati handi bat musu truk, gainera. Hala, aukera ezin hobea aurkitu dute eta eskutitza beteta bidali dute (batetik, kudeatzaile fin-finak direnez, ezingo liekete ezer ukatu; bestetik, ondo ikasia dute esaera zaharrak dioena: “oparitutako zaldiari ez begiratu hortza”).

“Next Generation” deituriko funts horiek emateko, Europar Batasunak baldintza batzuk jarri zituen. Lehenengo eta behin, adostuak izatea, hau da, gizartean bizitza egiten duten eragile guztien artean erabakitzea suspertzerako lehentasunak zeintzuk diren. Horrez gain, trantsizio ekologikoa, ingurumenaren babesa, besteak beste, izan behar zuten ardatz.

Ikus dezagun Euskal Herria Batzokitzat hartzen dutenek nola ulertu duten irakasleak agindu dizkien etxekolanak:

1- Herritarrok, eragileok ez dugu ezertan esku hartzerik izan eta txiripaz jakin dugu izkutupean egosi dutena. Adostasuna ez dago euren hiztegian; horretarako, demokratak izan behar ziren, eta badakigu zer nolako begirunea dioten herriari. Are gehiago, dena sukaldatu dute enpresa pribatuekin eta enpresen onurarako (Iberdrola, Petronor, eraikitzaileak…), eta hurbilen dauden instituzioek -udaletxeak- ez dute hitzik ez tokirik izan.

"Eskaeren zakuan, Uribe Kostari gehien ikutzen diotenen artean, Petronor (330 milioi), itsasadarpeko tunela (403 milioi), Supersur (187 milioi) edota Lemoizeko zentral nuklearrean egin nahi duten arraintegia (105 milioi) daude"

Ez dugu kanpoan utziko AHT (Abiadura Handiko Trena), Europatik oso kritikatua dena, etekinik ez duen proiektuan diru itzela sartzen ari direlako. Kasu honetan, aurrekontuaren kudeaketa Espainiar estaduari badagokio ere, gauzatze handiena bertako enpresen esku dago, eta negozioa hortxe egotean, temati dabiltza jo ta ke horrekin. Gainera, badaude guretzat larriagoak diren ondorioak: esate baterako, lurraldearen desegituratzea edota gure istorioa eta oroimena gupidagabeki ezabatzea -gogora datorkigu orain hilabete gutxi Abadiñon eraitsi zuten baserri historikoa-.

2- Eskaeren zakuan, Uribe Kostari gehien ikutzen diotenen artean, Petronor (330 milioi), itsasadarpeko tunela (403 milioi), Supersur (187 milioi) edota Lemoizeko zentral nuklearrean egin nahi duten arraintegia (105 milioi) daude. Petronor enpresari buruz esan behar dugu Europan gehien kutsatzen duenetako bat dela. Ildo beretik, berriki, Europako Legebiltzarrean, eguratsera botatzen diren isurketen %60ko murrizketa proposatu zen eta EAJ-k aurka bozkatu zuen. Eta honen harira dator ere iragan urriak 29 eta 30ean Erandion kutsaduraren aurka borrokatzeagatik erahil zituzten bi auzokideen heriotzaren 51.urteurrena.

Lemoizi dagokionez, oinarrizko kontua da, gure iritziz, herriak gelditu bazuen, herriak berak erabaki beharko lukeela zentralaren etorkizuna. Azkenik, Supersur eta tunelaren kasuetan, lotsaren hurrengoa erakusten dute muturrean: “mugikortasuna hobetu eta kotxeak hiriguneetatik ateratzeko” leloarekin saltzen dute, eragin nagusietako batzuk “trantsizio ekologikoan eta ingurumenaren hobekuntzan” izango direlarik. Laburbilduz, aldaketa klimatikoari eusteko kotxe pribatu gehiago, errepide gehiago, isurketa gehiago. Zorionak.

Lur eta zur geratzeko moduko jarrera, bai. Dena den, hauen jokabide istorikoa ikusirik, ez litzateke harritzekoa. Gutaz baliatu dira beti eta ordainsaririk ez dute jasaten. Orain jauzia egiteko marra altuago ipini dute eta europarren izerdia ere xahutu nahi dute. Hala ere,hemendik aurrera negoziaketei ekingo diete eta espero dezagun oparia ordez Olentzerok ikatza (irudimenezko zentzuan, noski) eman diezaien.