Europako hainbat talde feministak manifestazioak deitu dituzte Espainiako Abortuaren Legearen Erreformaren aurka. Hilaren 19an nazioarteko protesta egiteko asmoa dute, Parisen.
Izan ere, Frantziako Estatuko taldeak gogor egiten ari dira Gallardonen egitasmoaren kontra. Jada protesta bat egin dute Nizan eta beste lau iragarri dituzte estatuko hainbat hiritan.
Urtarrilaren 19ko manifestazioa ez da segurua oraindik, baina litekeena da datozen egunetan berrestea.
Horrez gain, Frantziako Familia Plangintza Zentroak "hondamenezkotzat" jo du lege aldaketa eta "atzerapausoa" dela esan du. –Manifestua frantsesez eta gaztelaniaz irakur daiteke–.
Espainiako Estatuko Decidir nos hace libres (Erabakitzeak aske egiten gaitu) ugaltze eta sexu eskubideen aldeko plataformak mobilizazioa babestuko du, eginez gero.
Nazioartetik elkartasuna
Ez da Frantzia izango eskubide urraketari aurre eginez kalera aterako den bakarra. Europako herrialdeetako hainbat talderekin daude kontaktuan plataformako kideak, eta diotenez, Bruselan egingo dute ekintzaren bat.
Latinoamerikako makina bat talderekin ere bildu dira eta posible da han ere mobilizazioak zabaltzea.