argia.eus
INPRIMATU
Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?
  • Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak diren azpiegituretan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko abenduaren 12a
Imanol Pradales EAEko lehendakaria, Ismael Clemente Merlingo zuzendaria eta Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, datu zentroaren irekiera ekitaldian. Irekia

Bilbao-Arasur Danta Center Campus izena eman diote Ribabellosan eraikitzen ari diren datu zentro erraldoiari, Europa mailako handienetakoa izango dena. Abenduaren 3an inauguratu zuten eraiki nahi dituzten sei pabiloietan lehena, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Ramiro González Arabako diputatu nagusia bertan zirela, besteak beste.

Proiektua higiezinen inbertsiora dedikatzen den Merlin Propertiers Socimi SA enpresa madrildarrak bultzatu du eta 300 megawatioko gaitasuna izango du amaitzerakoan. Ismael Clemente Merlineko zuzendariak inaugurazio ekitaldian azaldu zuenez, tokiaren aukeraketak zerikusia du Sopelarekiko gertutasunarekin, hara iristen baitira itsas azpiko zuntz-kable nagusietako batzuk.

Eraikiko dituzten sei pabilioietan lehena zabaldu dute Ribabellosan, Arasur-Bilbao poligonoan. Merlin Propertiers

Glikola, sistema aurreratu bat?

Baina zuntz interkonexioa ez ezik, eta elektro-intentsiboak diren heinean, energia kontsumoa ere faktore garrantzitsua da “hiper eskalako” esaten zaien datu zentro handi hauetan. Elektrizitateaz gain, ura erruz gastatzen dute euren sistemak hozteko. Merlinek azaldu duenez, baina, Ribabellosako datu zentroak “urik gastatzen ez duen hozte sistema aurreratua” dauka.

Zerbitzariak hozteko glikola erabiliko du, motorretan eta hozte-industrian arras ezaguna den konposatu kimikoa, ura baino dentsitate handiagokoa. Zirkuitu itxi hori airearekin hozten da ordea, eta hortaz, energia handia beharko da, baina enpresak ziurtatu du “100% berriztagarria” izango dela. Araban, hain zuzen, zentral fotovoltaikoen eta bestelako azpiegituren kontzentrazio handia aurreikusten dute Jaurlaritzaren planek eta enpresa askoren asmoek.

Merlinek aipatzen duen sistema “aurreratu” hori ez da berea. Enpresa madrildarra AEBetako Endeavour multinazionalaren filiala den Edged konpainia soziotzat duela ari da datu zentroak eraikitzen

Baina Merlinek aipatzen duen sistema “aurreratu” hori ez da berea. Enpresa madrildarra AEBetako Endeavour multinazionalaren filiala den Edged konpainia soziotzat duela ari da datu zentroak eraikitzen. Edgedek, bere marketinean, ThermalWorks izeneko “teknologia” darabilela aldarrikatzen du, eta horrekin beste datu zentroek baino %74 energia gutxiago gastatzen duela. Portzentajea hobeto ulertzeko: datu zentroen batez besteko energia erabileraren efizientzia (PUE) 1,58 bada, Edgeden datu zentroena 1,15 dela diote. Asko edo gutxi da?

Datu zentroko zerbitzari hozteko glikol bidezko zirkuitu itxiak ere energioa beharko du, baina "%100 berriztagarria" izango dela dio enpresak. Merlin Propertiers

Dirua hormigoi eta kobrean

Merlinek datu zentroak zabaldu edo handitu nahi ditu Iberiar Penintsula osoan. Ribabellosako azpiegituraz gain, Lisboan eta Kataluniako hainbat tokitan ere baditu proiektuak. Horretarako, kapital handitze bat egin berri du bere akziodunen artean eta 2.000 milioi eurotara iritsi da. Sozietate anonimoaren jabe nagusiak Santander bankua eta Nortia Capital dira, azkeneko hau Manuel Lao enpresari espainiar milioidunaren esku dagoen holdinga da.

Enpresak kapital handitze bat egin berri du bere akziodunen artean eta 2.000 milioi eurotara iritsi da. Santander bankua eta Nortia Capital dira jabe nagusiak

Pasa den uztailean, kapital handitze hori egiteko unean, enpresako iturriek La Vanguardia egunkariari azaldu zioten diru hori guztia “gastatu” egingo dutela. Zertan? “Herena hormigoian eta altzairuan, eta beste bi herenak kobrean, kableetan eta teknologian”.