argia.eus
INPRIMATU
Europako Batzordearen eta tabako industriaren arteko ezkutuko bilerak jomugan
  • Nazio Batuen arauen aurka, José Manuel Durao Barrosoren agintaldian bilerak ezkutuan egin izana salatu du Emily O´Reilly Europako "Ombudsman" edo Herriaren Defendatzaileak. Tabako enpresek goi funtzionarioei presio egiten dieten aspaldiko ustearen baieztapena da ebazpena.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 07a
Europako Batzordeak tabako enpresekin izandako bilerak argitara eman ez izana salatu dute.

O´Reillyren ebazpena, Corporate Europe Observatory (CEO) GKEaren salaketa baten harira dator. Ombudsmanak ebatzi du Europako Batzordeko Osasun Zuzendaritza gardentasun parametroen baitan aritu bazen ere, hori ez dela nahikoa izan, bere ardura delako Europar Batasuneko osasun araudiak garatzea: “Europako Batzordeak berebiziko ardura du osasun politiketan ahalik eta gardenena izateko. Batez ere, tabakoaren kontrolarekin erlazionatutako kasuetan”.

Modu horretan, Europako Batzordearen argudio nagusiaren aurka egin du. O´Reillyrentzat ez da nahikoa eskari berezi baten bidez edo Europako Parlamentu kide baten eskariaren ostean soilik ematea bileren inguruko informazioa. “Horrek esan nahi du inork galderarik egiten ez badu, ez dela bileren inguruko informaziorik argitara emango”, azaldu du O´Reillyk.

Herriaren Defendatzaileak Europako Batzordeari galdegin dio inork eskatu gabe argitaratzeko bileren inguruko informazio guztia eta horien iraupena. Informazioa nola kaleratzeko asmoa duten jakin nahi du O´Reillyk urtea bukatu baino lehen. Batzordeko bozeramaile batek adierazi du Ombudsmanaren eskaera xehetasun handiz  baloratuko dutela, eta epea baino lehen erantzun. Eskatutako konplitu ezean, Osasunaren Munduko Erakundearen Tabakoaren Kontrolerako Konbentzioaren urrapena izango litzateke.

Ez da lehen aldia izan

O´Reillyren salaketa ez da Batzordeak tabakoaren industriarekin izandako afera bakarra. Izan ere, Durao Barrosok osasun gaietarako komisarioa zen John Dalli kaleratu behar izan zuen 2012an, ustez tabako enpresekin izandako eroskeria kasu baten ostean. Garai hartan, Europar Batasuna tabakoaren inguruko araudi berri bat prestatzen ari zen. Hala ere, Maltako politikariaren dimisioak ez zuen uxatu tabako enpresa handiek duten barne influentziaren mamua.

Michel Petit Europar Batzordearen zuzenbide gaietako buru izandakoa esaterako Batzordea utzi ostean korporazioen abokatu aritu zen, eta bere bezeroen artean Philip Morris tabako konpainia zegoen. Beranduago, Petitek Europar Batzordeko etika komitea zuzendu zuen.

Tabakoaren industriak Batzordean zuen eraginaren mamua uxatu ezinik, Durao Barrosok euren jarduera defendatu zuen. Araudia jarraituz informazio guztia argitaratu zutela azpimarratu zuten Batzordetik. Adierazpen horiek bultzatu zuten 2013an zenbait GKEk, CEO tartean, salaketa Europako Herriaren Defendatzaileari bideratzea.