argia.eus
INPRIMATU
Europako Batzordeak gas kontsumoa %15ean murriztea eskatu die estatuei
  • Neurriak beren borondatez hartzea proposatu die estatuei, baina egoera okertuz gero derrigortzeko eskumena izatea nahi du. Espainiako Gobernua planaren aurka agertu da. Gasa ordezkatzeko ikatza, petrolioa eta energia nuklearraren erabilera indartzea proposatzen du batzordeak, trantsizio ekologikoa auzitan jarriz berriz ere.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 21
Argazkia: @vonderleyen

Gasa aurreztu negu seguru baterako txostena aurkeztu du asteazkenean Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Bruselasen. Nord Stream 1 hodian izandako matxura baten ondorioz egun batzuez Errusiatik EBrako gas hornidura etenda egon ostean dator txostena. Errusia energia arma gisa erabiltzen ari dela ziurtatu du Von der Leyenek, eta Europak prest egon behar duela “etenak erabatekoak edo partzialak izanda ere”. Hitzik ez EBk gerra elikatzeko hartu dituen erabakien ondorioen inguruan, edo aurrera begira garatu daitezkeen bestelako politikez.

Murrizketa borondatez, edo behartuta

Abuztuaren 1etik martxoaren 31ra arte gas kontsumoa %15ean murriztea eskatu die Bruselasek estatuei, horretarako neurriak herritarrek, industriak zein erakunde publikoek hartu beharko lituzketela zehaztuz. Estatuek kontsumoa murrizteko planak aurkeztu beharko lituzkete, eta bi hilabetean behin Bruselasi horien bilakaeraren berri eman. Murrizketa borondatezkoa izango litzateke printzipioz, baina Europako Batzordeak proposatu du araudia aldatzea “alerta” egoera ezarriz gero estatuak derrigortzeko eskumenak izateko.

Estatuen arteko “elkartasuna” auzitan

Bruselak aurkeztutako planak eskatzen die EBko estatuei beren artean elkartasunez jokatzeko, Errusiarekiko gasarekiko bakoitzak duen menpekotasuna ezberdina baita. Alemania da menpekotasun handiena duenetakoa. Ikusteko dago nola hartuko duten estatuek Europako Batzordearen proposamena. Espainiako Gobernua aurka azaldu da plana publiko egin eta ordu gutxira. Proposamena ez dela ez “onena” ez “eraginkorrena” adierazi du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak: “Espainia herrialde solidarioa da, baina Errusiako gasaren menpe dauden EBko herrialdeei laguntzeko modurik onenarekin asmatu behar dugu. Gure industrialariek eta gure kontsumitzaileek ez dute jasan behar urteetan ordaintzen aritu diren hornidura-segurtasunagatik".

Trantsizio ekologikoaren aurka

“Energia berriztagarriei lehentasuna eman behar zaie, baina beharrezkoa izan daiteke ikatza, petrolioa edo energia nuklearra baliatu behar izatea denbora batez”, dio Europako Batzordearen txostenak. Are gehiago, batzordeak gomendatzen du aurreikusita dauden zentral nuklearren itxierak atzeratzeko. Batzordearen posizioak kritikak piztu ditu. Greenpeacek, esaterako, salatu du txostena “gehiegi zentratzen” dela “erregai zikinen iturrietara bueltatzea erraztean, hala nola petroliora edo karbonora, bai eta industriarako dirua ziurtatzean ere”.