argia.eus
INPRIMATU
Europako Batzordeak ez du lortu oraingoz glifosato pestizidaren baimena luzatzea
  • Bigarrenez, bertan behera utzi dute glifosatoaren baimena luzatzeari buruzko bozketa Europako Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrean. Europako Batzordeak pestizida ezagun hori, munduan zabalduena, beste bederatzi urtez baimentzeko proposamena eraman du –ekainaren 30ean agortuko da gaur egun indarrean dagoen baimena–, baina behar adinako gehiengoa lortuko ez zutenez, ez dute bozkatu ere egin.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko maiatzaren 20a
Monsantok merkaturatu zuen glifosatoa 70eko hamarkadan. Roundup da haren izen komertzialik zabalduena (Arg.: Philippe Huguen/AFP/Getty Images).

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) menpeko Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak segur aski minbizi-eragileen zerrendan sartu zuen glifosatoa 2015ean. Europako Elikagaien Segurtasun Agentzia (EFSA) ez dator sailkapen horrekin bat.

Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzordea EBko estatu kideetako ordezkariek osatzen dute. Glifosatoaren baimena luzatzeko, beharrezkoa da estatuen %55ek alde bozkatzea, eta gutxienez Batasuneko biztanleen %65 ordezkatzea. Bigarren baldintza ez zen beteko, Frantziak eta Italiak, estatu populatuenetako bik, baimena luzatzearen aurka bozkatzeko asmoa agertu dute eta. Frantziak, izan ere, debekatua du glifosatoa bere lurraldean.

Europako Parlamentuak erabilera asko mugatzea proposatu zuen, alferrik

Martxoan egin zen pestizidari baimena luzatzeko lehen ahalegina, haren arriskugarritasunari buruzko polemika betean. Orduko hartan, luzapena hamabost urtekoa izatea proposatu zuen Europako Batzordeak. Bi saiakeren artean, apirilean, Europako Parlamentuak ebazpen ez-lotesle bat onartu zuen, Batzordeari eskatuz baimena zazpi urtez baizik ez luzatzea, eta erabilpenari mugak zorrotzak ipintzea: parke publiko eta umeen jolastokien inguruan debekatu, banako ez-profesionalei erabilera eragotzi, plagak beste sistema batzuen bidez kontrolatu ezin daitezkeen kasuetan baizik ez erabili… Eurolegebiltzarreko Berdeen ustez, murrizketa horiek onartzea baimena ukatzearen parekoa izango zen de facto.

Haatik, Europako Batzordeak ez zuen aintzat hartu Parlamentuak esandakoa, eta besterik gabe iraupen laburragoko baimen-luzapena proposatu zuen, murrizketa gutxi batzuekin.

Glifosatoaren arriskua gutxiesten duen txostena

Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzordeko eztabaida hasteko bezperan, OMEk eta FAOk (NBE barruko Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea) txosten bateratua eman zuten argitara, dietaren bidez hartutako glifosatoak ia seguruenik minbizirik eragiten ez duela esanez. Txosten horren egileetako asko bioteknologiaren arloko enpresekin loturak dituztela zabaldu izan da.  

48 europarlamentariok dituzte glifosatoa atzemateko gernu-analisiak,
eta den-denen txizan agertu dira pestizidaren arrastoak.

Bestalde, joan den astean ezagutu ziren apirilean egindako esperimentu baten emaitzak: Europar Parlamentuko 48 kidek gernu-analisia egin zuten glifosato arrastoak bilatzeko, eta den-denengan aurkitu da substantzia, ez nolanahiko kopuruan gainera. Batez beste, legebiltzarkideen txizaren glifosato kontzentrazioa europar araudiak edateko uretan baimentzen duen gehienezko mugaren hamazazpi halako da.