argia.eus
INPRIMATU
Europako Batzordeak uko egin dio TTIP akordioaz eztabaidatzeari
  • Uztailean Europako 150 elkarte inguruk Herritarren Europar Ekimen bat erregistratu zuten, EBren eta AEBen arteko TTIP hitzarmenaren negoziazioak geldiaraztea helburu. Milioi bat sinadura bildu behar zuten, gaia Europako Batzordean eztabaidatu zedin. Alta, Europako Batzordeak ekimena errefusatu du.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko irailaren 16a
TTIPen aurkako mobilizazio bat. (Arg.: piratetimes.net)

Stop TTIP kanpaina uztailean aurkeztu zutenean, 150 taldek babesten zuten ekimena, orduan idatzi genuenez. Honezkero 230 dira, baina Europako Batzordeak  euren asmoa zapuztu zuen joan den irailaren 12an egindako bilkuran.

Ezkutuan egiten ari diren negoziazioak geldiarazi eta gaiari buruzko eztabaida zabal eta gardena sustatu nahi dute kanpainaren antolatzaileek. Halaber, EBren eta Kanadaren arteko CETA hitzarmena –TTIPen oso antzekoa– indarrean ez jartzea dute xede.

TTIPen aurkako kanpainako bozeramaileek eskandalutzat jo dute Batzordearen erabakia. “Merkataritza itun hauen aurkako oposizioa oso handia da, inoiz ez bezalakoa, dena sekretupean egiten direlako, eta orain eskaria egiteko eskubidea ere ukatu digute. Horrek agerian uzten du EBko erakundeen izaera antidemokratikoa; botere ekonomikoa eta finantzarioa baizik ez dute ordezkatzen”.

Europako Batzordeak argudiatu du, berriz, mota horretako ekimen bat onartzea bere eskumenetik kanpo dagoela.