Europako Batzordeak (EBren interesak sustatzeko erakundea) banatzen dituen New European Bauhaus saria eman dio Donostiako Uliako Lore-Baratzak ekimenaren Ulia Garden proiektuari. 2015az geroztik, herritarrek Uliako udal-haztegi zaharra berreskuratzeko egindako lanagatik jaso dute “Biltzeko eta partekatzeko leku berrasmatuak” kategoriko saria.
Eskuin-ezker borrokatu behar izan dute Udalaren eta beste erakunde batzuen aurka, baina orain lan hori guztia Europako Batzordeak aitortu diotela adierazi dute ekimeneko kideek saria jasotzean, Uliako Lore-Baratzak "biharko Europaren adibide bat" dela diote.
Uliako Lore-Baratzak, Donostiako Ulia mendiaren magalean dagoen auzo-lorategi proiektua da, herritarrek kudeatzen duten udal-landareen haztegi zaharra. Ekimeneko kideen hitzetan "pertsona askoren borondatezko lanaren bidez sostengatuta eta bultzatuta, herritar konprometituen arteko harreman berriak" sortu nahi dituzte, "naturaren zaintza ardatz hartuta".
New European Bauhaus sarietan, Europako 2.000 proiekturen artean, 60 izan dira saria lortzeko hautagaiak, hamar kategoriatan banatuta. Sarien helburuak dira "trantsizio berdea azkartzea eta bizikidetza hobea bermatzea; ezagutza eta esperientzien bitartez ideia eta konponbide berriak sortzeko".