argia.eus
INPRIMATU
Europako Batzordeak 160.000 errefuxiatu hartzeko proposatu du, 470.000 dauden arren
  • Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek esan du Europar Batasuneko herrialdeek 160.000 errefuxiatu hartu beharko dituztela, Europar Batasunaren populazioaren %0,11. Grezia, Italia eta Hungarian ordea,  470.000 paper gabeko iheslari daude.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 09a
Röszkeko errefuxiatu kanpamenduetan pertsona ugari pilatzen ari dira (Argazkia: @LaikaOrbital)

Errefuxiatuak birkokatzeko Europako Batzordeak proposatu du, besteak beste, Espainiak 15.000 jasotzea eta Frantziak 25.000. Errefuxiatu gehienak Alemaniara iritsiko lirateke, 31.000 inguru.

Europar Batasuneko Justizia eta Barne ministroek bilera egingo dute Bruselan irailaren 14an errefuxiatuen krisiaren inguruko “irtenbideez” eta “iniziatiba berriez” hitz egiteko, eta Europako Batzordearen oharrak ere izango dituzte eztabaidagai.

Junckerrek Afrikako herrialdeetarako 1.800 milioiko larrialdizko diru poltsa sortzea proposatu du, “immigrazio ilegala” eta “herrialde horietako ezegonkortasuna” gelditzeko. Europako Batzordeko presidenteak immigrazioa legeztatu behar dela gaineratu du eta “Europara iristeko bide legalak garatu" behar direla.

Espainiak 257 milioi jasoko ditu migraziora bideratzeko

Europako Batzordeak FAMI –Asilo, Migrazio eta Integrazio zentroak –bitartez, 2.400 milioi euro bideratuko ditu Europako 23 herrialdeen artean migrazioaren krisia finantzatzeko. Espainiako Estatuak 257 milioi jasoko ditu. Italia eta Greziaren atzetik, diru gehien jasotzen duen herrialdea da. Joan den uztailean, Europako Batzordeak  esleitu zizkion errefuxiatuen erdiak onartu zituen Espainiak.

Errefuxiatuak Europar Batasuneko atean pilatuta

Hungarian errefuxiatu ugari pilatzen ari da azkeneko asteetan. Urtea hasi zenetik 165.000 pertsona iritsi dira Hungariara. Gehienak Alemania, Austria edota Suedia daukate helburu. Serbia eta Hungariaren mugan dagoen Röszkeko herria konzentrazio eremuan bihurtzen ari da, zenbait komunikabideen arabera.

Hungariara iritsi ahal izateko bide luzea daukate errefuxiatuek: 3.000 euro ordaindu behar dituzte Turkiatik Greziarako muga zeharkatzeko. Ondoren Mazedonia eta Serbia zeharkatu behar dute  Hungariara iristen diren arte, Público egunkari espainiarrean gazte batek dioenez. Lurrean edo kanpin denda batean lo egiten dute, eta motxilan daramaten janari eskasaz elikatzen dira.

Poliziek errefuxiatuak identifikatzen badituzte ezin dute Suediara iritsi, Dublineko hitzarmenak eragozten baitie. Europar Batasunak 1990. urtean sinatutako akordioak dio “asilo-eskatzaileak beren eskaera sartzen diren Batasuneko lehen herrialdean eskatzera behartzen ditu, nahiz eta hizkuntza ez jakin eta kultura-kidetasunik ez izan”. Horregatik ez dute poliziaren bulegoetatik pasa nahi. Horri guztiari errefuxiatuek deportatzeko daukaten arriskua gehitu behar zaio.