Ekai Center taldeak analisi bat egin du Eustatek kaleratutako Ikerketa eta Garapeneko azken datuekin. %2aren azpitik dago EAEk I+G-ra bideratutako inbertsioa, eta emaitza horiek “ekonomia politika arduragabearen isla” direla adierazi dute Garan argitaratutako artikuluan.
2013an %4,1 jaitsi zen EAEko I+G inbertsioa, eta orain Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,99 baino ez du osatzen. Europako batez bestekoa %2,02an dago.
2008tik lehen aldiz jaitsi da EAE ehuneko horretatik.
Garan argitaratutako artikuluan Ekai Centerrek dioenez, espero izatekoa zen emaitza hori eta “krisiaren aurkako gure politika zentzugabeek eragindakoa” dela uste du.
EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuak ez dira betetzen. 2014an BPGren %2,64 Ikerkuntza eta Garapenera bideratzea espero zen, eta 2015an kopuru hori %3ra iristea.
Eustatek argitaratutako datuen arabera, Espainiaren I+G inbertsioa baxuagoa da, %1,24koa. Ekai Centerren ustez, ordea, hori ez litzateke lasaigarri izan behar: “Gu baino okerrago daudela dakigunekin konparatzen dugu beti gure ekonomia politika”.