Europar Batasunetik ateratzea erabaki du Erresuma Batuak ostegunean egin zuen erreferendumean. Boto emaileen %51,9k ateratzearen alde egin du eta EBn %48,1ek geratzearen alde. Brexit-aren aldekoek 1,2 milioi boto gehiago atera dituzte. Partehartzea %72,2koa izan da.
Eskozia eta Ipar Irlandako herritarren EBn geratzearen alde egin dute eta SNP alderdiak iragarri du jada Eskoziaren independentziaren aldeko beste erreferendum bat deituko dutela.
Aukera hor zegoen, baina oro har, baietzak ezustean harrapatu du Europako Batasuna. Ateratzea ez da automatikoa izango eta bi urteko epea izango da hau ordenaz egin ahal izateko.
Erreakzio gisa, Europako burtsak erortzen ari dira; iragarpenek diote %11ra arte erori daitezkeela. Asiako burtsek ere beherakada izan dute. Librak ere bere historiako erorketa handienetakoa izan du eta 1985ean zuen baliora itzuli da. Euroa ere erortzen ari da eta dagoeneko 1,10 dolarretik behera egin du.