argia.eus
INPRIMATU
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua
  • Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu kontuan, %41,39ak ditu agrotoxikoak.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 14a

Esaterako, Espainiako Estatuan komertzializatutako piper batean 33 plagizida arrasto aurkitu dituzte, sagar batean 31, tomate, laranja, limoi, mandarina, mahatsetan hogeitik gora bakoitzean. El Salton izan dugu txostenaren berri, eta bertan nabarmentzen da aurkitu dituzten agrotoxiko horietako 53 debekatutako substantziak direla, gizakiarentzat eta ingurumenarentzat duten arriskuagatik.

Disruptore endokrinoak diren pestizidetan arreta berezia jarri du txostenak –gizakiak sortutako substantzia kimikoak–, gure sistema hormonalari eragiten diotelako eta hainbat ikerketaren arabera emakume eta gizonen ugalketa sisteman kalteak eragin ditzaketelako, baita malformazioak jaiotzetik ere, diabetesa eta obesitatea, sistema immunean eragina, autismoa, hiperaktibitate sindromea, minbizia… Bada, azterturiko elikagaietan 36 disruptore endokrino aurkitu dituzte.

Eurostateko datuen arabera, Espainiako Estatua da pestizida gehien kontsumitzen duen Europako Batasuneko herrialdea, eta hala azpimarratu du Ekologistak Martxanen txostenak. Aldi berean, elikagaiei analisi gutxien egiten dien estatuetako bat da.