argia.eus
INPRIMATU
Europako Batasunaren ahulezia gaindiezinak ote?
  • Europako Batasunaren (EB) oinarri ideologikoek eta legezkoek azpimarratzen dute Batasunaren helburuetako bat berau eratzen duten herrialdeen ongizatea sustatzea dela. Beraz, Batasuneko hiritarren onurarako izan beharko lukete beronek onetsiko dituen politika ororen emaitzak. Horrela uler daiteke testu sortzailearen arabera. Testu legal horretan, aurrerago etorriko zaizkigu Europa demokratiko, sozial eta eredugarriaren aitorpenak. Alta, hori noraino zaigu sinesgarria?  

Baleren Bakaikoa Azurmendi 2020ko apirilaren 04a

 

Hasteko, nahikoa dugu gogoratzea zerk harritu gintuen 2008ko finantza krisiak EB larriki zaurituta utzi zuenean. Orduan, Nazioarteko Diru Funtsako zuzendari andereak, Christine Lagardek, garbi esan zuen EBko kideetako jendea urte gehiegi bizi zela eta zaila izango zela pentsio sistema publikoa mantentzea. Beraz, hilkutxara lehenbailehen bidaltzea desiratzen zigun gaur egun Europako Banku Zentraleko (EBZ) agintari nagusiak eta, jakina, EBko erakunde nagusiena banku zentrala da, oinarri neoliberaletan oinarritu eta Batzordearen kontroletik at dagoena; azken finean, EBZan bankuen lobbyak agintzen du.

Alabaina, Lagarde anderea ez zen hori pentsatzen zuen bakarra. Izan ere, gaur egun koronabirusa  kudeatu eta informatzen gaituzten eledunek, Lagarde gisako goi agintariekin bat etorrita, behin eta berriro gogoratuko digute gaixotuak edo hildakoak 70 urte baino gehiago zituela edo gaixotasun kronikoren bat zeukala; edo 80-90 urte eta azkenaldian pattal zebilela. Xehetasun oro adineko pertsona horien ingurukoak dira, gainontzekoen informazioa zuhurragoa den bitartean.

Eta datorkigun krisialdi lazgarri eta sakon honetan EBk zer egingo du europarron osasunaren alde? Ziurrenik ezer gutxi. Izan ere, Txinak erakutsi digu politikak bere ekonomia mendean edo kontrolpean  ipini duela eta hiritarrak aintzat hartu dituela. Baina hori ez da EBren kasua, non helburu ekonomikoek duten lehentasuna, nahiz testu sortzaileek beste zerbait aitortu. Hau da, gurean ekonomia politikaren gainetik dago eta ez dirudi aldatuko denik: Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua lekuko.

Ekonomia motelaldi honetatik irteteko EBk lanabesak baditu, baina bere kideek adostasunik ez dute erdiesten, interes dibergenteak dituztelako. Izan ere, Alemania eta beronen eremuko kideei (Herbeherek, Austria..), hegoaldeko herrialdeen merkatuak bereganatu ondoren, berauen biztanleen ongizatea ez zaie gehiegi axola; gainera, nagiak dira haien ustetan.

Lanabes horien artean Europako Egonkortasun Mekanismoa (EEME/MEDE) dauka, baina politika neoliberal ortodoxoa egikaritzeko larrialdi ekonomiko baterako eta ez, oraingoan bezala, ustekabean sortutako istripu ekonomikoa konpontzeko. EBko araudia oso zurruna denez, EEMEk bere funtsen hartzaileei ezartzen dizkien baldintzak oso gogorrak dira, Greziak pairatu zituen antzekoak, azken finean, erreskatea bezala kontsideratuko baita, nahiz oraingoan egoera beste bat izan. Beraz, onartzen bada EEMEren funtsak erabiltzea, jadanik arras jipoitutako ekonomiek (Italia edo Espainiako estatuak) azken urtetako murrizketekin jarraitu beharko lukete, herritarron bizi kalitatea gehiago endekatuz.

Haatik, EBk bere legitimitatea salbatu nahi badu, EEME erreformatu, EBZko helburuak lasatu edo beste elkartasun diru funts bereziren bat eratu beharko luke. Alta, hori eskatzea orain arteko dinamika merkantilistarekin amaitzea litzateke eta, behingoz, estatu kideen arteko elkartasunean sakontzen hastea.