argia.eus
INPRIMATU
Europako Batasunak urte amaierarako COVID-19aren aurkako txertoa espero du
  • Europako Batasunaren Osasun Komisioko buru Stella Kiriakidesen arabera, “txertoak ez lituzke arazo guztiak konponduko”. Bere ustez, “normalitaterako itzulera graduala” ahalbidetuko luke, baldin eta biztanleriaren sektore zaurgarriak txertatu ezkero.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 10a
Stella Kyriakides. Argazkia: Wikimedia Commons

Stella Kiriakides Europako Batasuneko Osasun Komisioko kideak igande honetan adierazi duenez, 2020. urtearen amaierarako prest egongo da COVID-19ren aurkako txertoa. "Iragarpenak egitea une honetan arriskutsua bada ere, adierazle onak ditugu hasierako txerto bat urte honen amaierarako edo datorren urtearen hasierarako eskuragarri egon litekeela esateko", adierazi dio komisarioak Handelsblatt egunkari alemaniarrari. Kiriakidesek ohartarazi duenez, "txerto batek ez ditu arazo guztiak berehala konponduko", baina normaltasunera “pixkanaka” itzultzea ahalbidetuko lukeela dio, baldin eta "herritarren masa kritikoa txertatzen bada, batez ere arrisku-taldeetan daudenak".

Zientzialariek, ordea, ez dute argi noiz eskuratu dezaketen txertoa, izan ere, garapen prozesual “urteak” behar lituzkeela esan dute maiz, edo are gehiago, ezinezkoa izan daitekeela. Bestalde, komisarioak ohartarazi du EBko hainbat estatutan geroz eta ugariagoak direla berragerpenak. Horren harira, gobernuei dei egin die "infekzio iturria tokian-tokian berehala isolatzeko, probak eginez, kontaktuak bilatuz eta kaltetuak berehala isolatuz".

Azken zifrak Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 431 positibo berri atzeman dira igande honetan, konfinamenduaren osteko aste txarrena osatuz. Gaur arte Bizkaia izan da herrialde kaltetuena, han identifikatu baitira kasuen erdia baino gehiago: 248, zehazki. Araban, 43 izan dira gutxienez kutsatu berriak, eta Gipuzkoan ere zifra berbera utzi du igandeak. Nafarroan, aldiz, 89 zenbatu dituzte. Orotara, 7.725 PCR proba egin dituzte, orain arteko zifra altuena.