22 orduz negoziatzen egon ondoren, 2018ko arrantza kuotak finkatzeko akordioa lortu dute EBko 28 herrialdeetako buruzagiek. Hasiera batean Bruselaren asmoa legatzaren arrantza kuota %30 jaistea zen. Azkenean jaitsiera urriagoa izan da eta %12 izatea adostu dute.
Gehienezko Harrapaketa Kopuru Onargarriaren urteko kuota zehazterako orduan, Frantziako eta Espainiako ministroak izan dira Bruselak eginiko proposamenei kritika gehien egin dizkietenak: presioek balio izan dute eta %30 jaitsi ordez, %12 izango da 2018ko legatzaren arrantza kuota. Laugarren urtez jarraian jaitsi dute kuota hori eta “salbuespena” dela onartu dute.
Gainontzeko kuotei dagokienez, hasierako asmoei eutsi diote ministroek: %21 igoko dute txitxarroarena eta bere horretan mantenduko dituzte antxoa eta zapoaren arrantza kuotak.
Asteartean hasi ziren negoziatzen, eta ia 22 orduren ostean itxi dute ituna. Orotara, akordio “positiboa” dela adierazi du Espainiako arrantza ministroak. Gipuzkoako Kofradiako presidenteak, aldiz, akordioa “txarra” dela nabarmendu du.