argia.eus
INPRIMATU
Espainiak politikariak eta ekintzaileak zelatatu zituela ebatzi du Europako Parlamentuaren Ikerketa Batzordeak
  • Europako Parlamentuko Ikerketa Batzordeak frogatu du estatuen interesen aurkako politikari eta ekintzaileak zelatatu dituztela Hungarian, Polonian Grezian, Zipren eta Espainiako Estatuan. Espainiako Estatuan gutxienez 65 pertsona zelatatu dituzte Pegasus programa erabilita, eta gobernuak espioitza programa berri bat erosteko bidea hasi du.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 11
Pere Aragonès Generalitateko presidentea eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko burua.

Espainiako Gobernuak Pegasus espioitza programa erabili duela frogatu dute, eta funtzio berdineko Predator programa erosteko prozesua abiatu duela, nahiz eta ezin den jakin erosketa burutu duen ala ez. Europako Parlamentuko Ikerketa Batzordeak atera dituen ondorioak dira, asteartean Europako Parlamentuaren esku utzi dituen txostenean jasotakoak. Hari dagokio hura aztertzea orain. Espainiako Estatuaz gain, herrialde gehiagotan ere espioitza kasuak egiaztatu dituzte, eta Europako Batasuneko sistema osoari leporatu diote ekintza ilegalaren babesle izatea, besteak beste, programa horien salerosketa sustatuz.

Hungaria, Polonia, Grezia, Zipre eta Espainiak erabili dituzte “programa mertzenarioak”, txostenaren arabera. Hala ere, merkatu horretan gardentasunik ez dagoela-eta, ez dute baztertu Europako Batasuneko estatukide gehiagok ere erabili izana.

Espainiako Estatuaren kasuan Kataluniako politikari eta ekintzaile independentisten zelatatzean zentratu da txostena. El Salto hedabideak jaso duenez, Espainiak 2015ean eskuratu zuen Pegasus programa, NSO Talde israeldarraren eskutik, baina 2017an –Kataluniako erreferendumaren ostean– erabili zuten gehien. 2022ko apirilean Citizen Lab ikerketa talde independenteak argitara eman zuen 65 politikari eta ekintzaile zelatatu zituztela; 63 Pegasus programaren bitartez eta bi Candiru programarekin, tartean Pere Aragonès Generalitateko presidentea. Maiatzean orduan Espainiako Inteligentzia Zentroko buru zen Paz Estebanek aitortu zuen hemezortzi espioitza kasu baimendu zituela administrazioak. Hori da gaurdaino Espainiako Estatuko instituzioetatik iritsi den informazio bakarra.

Hortaz gain, ikerketaren arabera Espainiako Gobernuak Predator espioitza programa erosteko bidean hasi zuen, nahiz eta ezin izan duen frogatu eskuratu ote duen azkenean. Abuztuan izan zuen filtrazio batek erakusten du Predatorren jabe den Intellexa Alliance plataformak Espainiako Gobernuari informazioa eskaini ziola programaren zerbitzuen inguruan.