argia.eus
INPRIMATU
Europako Batasun osorako txerto berdina egotea aurreikusten du Bruselak
  • “Zentzugabea da herrialde bakoitzak bere txertoa jarri behar izatea”, dio Isabel de la Mata Europako Batzordeko Osasun kontseilari nagusiak.

     

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 21
Argazkia: Wikimedia Commons

Isabel de la Mata Europako Batzordeko Osasun kontseilari nagusiak ostegun honetan esan duenez, COVID-19aren aurkako txertoa jalgitzen denean, EBeko herrialde guztietan erabiltzeko txerto berdina egonen da. Ez du uste herrialde bakoitzak bere txertoa jarri behar izatea “zentzuzkoa” denik.

De la Matak gogorarazi du EBean aurkikuntzak partekatu egiten direla. "Txerto bateratua egon behar da eta gero Europar Batasuneko herrialde guztiek erabili behar dute", adierazi du. Azpimarratu du garrantzitsuena “txertoak guztientzat eskuragarri” izatea dela.

"Katearen kate-mailarik ahulena bezain indartsuak garela ulertu dute herritarrek. Ezin da herrialde bati txertoa jartzen saiatu, eta gainerakoei ez", adierazi du De la Matak Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, Santanderren.

Gainera, pandemiak Osasunaren eraldaketa digitalaren prozesua “bizkortu” egingo duela uste du, batez ere COVID-19aren ondorioz egiten ari diren esfortzu finantzario “gehigarriagatik”, eta horren “urgentziazko” izaera dela eta.

De la Mataren ustez, "mundu guztia" ohartu da osasun sistema batzuen eta besteen arteko loturak ezarri behar direla. "Ez dirudi onargarria banku sistemak konektatuta egotea, baina osasun zerbitzuak ez", azpimarratu du.