argia.eus
INPRIMATU
Europako baso baliotsuenetako bat ebakitzeko asmoa du Poloniako Gobernuak
  • Polonia eta Bielorrusia artean dagoen Bialowiezako basoa, Unescok Biosferaren Erreserba izendatua, mozteko asmoa berretsi du Poloniako Gobernuak. Europako Batzordeak "azken abisua" eman dio ohartaraziz ez dezala basoa moztu.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 11
Bialowiezako basoa.

Europa erdialdeko baso garrantzitsuenetakoa da Bialowieza. Poloniako Gobernuak dio basoa arriskuan jarri duen izurrite bat amaitzeko moztuko dituela zuhaitzak. Izeiaren azaleko kakalardoak jan egiten ditu izeiak eta pinuak, eta Varsoviaren arabera, arriskuan jarri du basoa. Horregatik, basoan moztu daitekeen egur kantitatea hirukoiztu du: 188.000 metro kubiko urtean.

Naturaren Kontserbaziorako eta Babeserako Nazioarteko Batasuna ez dator bat gobernuaren usteekin, ez dute uste kakalardoa mehatxua denik, eta salatu dute egurraren salmentatik negozioa egin nahi dutela.

Greenpeace, Naturaren Munduko Funtsak (WWF) eta bestelako eragile ekologistek salaketa jarri dute Europako Batzordearen aurrean, eta basoa 150.000 hektareako parke natural bilakatzeko galdegin dute, basoak Bielorrusian duen aitortza bera izan dezala, alegia.

Europako Batzordea "azken abisua" eman zion Poloniako Gobernuari, baina Jan Szyszko Ingurumen ministroak erantzun du ez daukatela planak aldatzeko asmorik eta ez dutela Europako Justizia Auzitegira joateko beldurrik. Mozte lanak martxan daude momentuz.