argia.eus
INPRIMATU
Europako Banku Zentralak zor publiko gutxiago erosiko du, pandemiaren inguruko aurreikuspen hobeak eskuan
  • Covid-19aren krisiari aurre egiteko Europako Banku Zentralaren zor publikoaren erosketa planean aldaketak iragarri ditu Christine Lagarde bankuko presidenteak: inflazioaren gorakadaren eta aurreikuspen hobeen aurrean, erritmo motelagoan erosiko dute zorra.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko irailaren 09a

Europako Banku Zentralak (EBZ) ostegun honetan azaldu duenez, prezioen gorakadak eta pandemiaren bilakaera onak –Delta aldaeraren aurrean europar helduen %70 txertaturik dagoela hartu du kontuan, besteak beste– ahalbidetuko dio erritmo motelagoan erostea zor publikoa. Covid-19aren krisiaren une gogorrenetan onarturiko erosketa planak 1,85 bilioi euroko poltsa dauka, eta hiruhilero errebisatzen dira erosketak. Oraingoan, estatuen bonuak erosteko hilean 80.000 milioi euro bideratu beharrean, 60.000 eta 70.000 milioi artean bideratuko dira. Interes-tasak baina, bere horretan mantendu ditu EBZren gobernu batzordeak: %0.

Inflazioa %3 igo da uda honetan, EBZk markatutako gehieneko %2aren gainetik. Joan den uztailean, erakundeak atea irekita utzi zuen langa hori gainditzeko –neoliberal ortodoxoen atsekaberako–, baina aldi berean ohartarazi zuen pizgarriak murrizteko aukera ere bazegoela, gorakada hori apaltzeko. Halaxe egin du orain, kontuan edukita makro-adierazleak ere onak direla bere ustez: ekonomiak %2,2 egin zuen gora bigarren lauhilekoan eta igoera handiagoa espero du 2021 urtean.

Azken urte eta erdian Europako hainbat herrialdek –Europako hegoaldekoak batez ere– jaulkitako zor berriaren zati handiena EBZk erosi duela kontuan edukita, horrek zuzenean eragin dezake euren ekonomian, horren bidez dirua merke lortu ahal izan baitute pandemiak sorturiko krisiaren gastuei aurre egiteko.

Lagardek, hala ere, garbi utzi nahi izan du Covidari aurre egiteko erosketa planarekin jarraituko dutela 2022ko martxora arte, edo, “koronabirusaren krisi fasea amaitu arte", hau da, agian lehenago ere bai.