Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".
Azken asteetan beste hainbat agintarik egin moduan, EBZko buruek ere armagintzaren industriarako gastua handitu eta diru hori beste nonbaitetik kentzeko beharraz hitz egin dute.
Luis de Guindos espainiar Ekonomia ministro ohi eta EBZko lehendakariordea Bartzelonan izan da, Godó enpresa taldearen Vanguardia Foroan parte hartzeko, eta adierazpen esanguratsuak egin ditu: "Mundua aldatzen ari da eta mehatxuak entzun ditugu", esan du bere diskurtsoan, eta horren ondorioz Europak "defentsan gehiago gastatu behar du, hori ebidentziaa da".
Bere esanetan EBk "bere kabuz defenditzeko" gai izan behar du, eta izenik esan gabe, Donald Trump AEBetako presidente izateko hautagaiak egindako adierazpenak nabarmendu ditu. Trumpek esan zuen ez dituela babestuko NATOko europar herrialdeak Errusiaren aurrean, baldin eta ez badute euren Barne Produktu Gordinaren %2 baino gehiago gastatzen armetan.
Hala, EBZko agintariak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defizit publikoa eta zor publikoa jaisteko, baina aldi berean gastu militarra handitzeko. Gogorarazi du herrialdeek politika fiskalari buruzko euren programak aurkeztu beharko dituztela irailean, eta Europako Batzordeak aztertu beharko dituela "doitze fiskal" horiek.
Vanguardia Foroak hainbat babesle ditu, tartean Indra, Espainiako Estatuan armagintzaren industriako enpresa nagusienetakoa dena.