argia.eus
INPRIMATU
Europako Banku Zentralak 750.000 milioi euro mobilizatuzea erabaki du
  • Europako Banku Zentralak bart ezagutarazi du 750.000 milioi euroko erosketa plana erraldoi bat, Covid-19 izurriteak eurogunea hankaz gora ipini ez dezan. Plan horrekin Gobernuei ziurtatu nahi die nork bere beren pizgarri planetarako finantzaketa edukiko dutela. Hasteko, neurri honekin EBZ-ak herrialdeen zor publikoen arrisku sariak jaistea nahi du.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 19a
Christine lagarde Europar Banku Zentraleko zuzendari nagusia.

Christine legarde Europako Banku Zentralaren buruak joan den astean esan zuen: "Ez gaude hemen [estatuen zor publikoen] arrisku primak txikitzeko, hori ez da EBZ-aren zeregina". Alde guztietatik protestak eta presioak jaso ostean, atzekoz aurre egin du martxoaren 19ko goizealdean, sare sozialetatik bezala hedabide nagusietatik Europako banku publiko nagusiak bere erabakia aldatu duela adieraziz mezu honekin: "Garai ez-ohikoek erabaki ez-ohikoak eskatzen dituzte. Euroarekiko gure konpromisoak ez dauka mugarik. Erabakita daukagu gure agintealdian erabiltzea eskueran dauzkagun tresna guztiak beren indar guztian".

 

Koronavirusaren krisi larriak mehatxu egiten zuen euroaren krisiaren ostean nola-hala orbaindutako zauriak berriro urratzeko, ikusita zenbait herrialderen zor publikoen arrisku sariek daramaten gorakadarekin, batik bat Europako hego aldeko herrialdeek dagoeneko mobilizatu behar dituzten diru publikoen finantziazioa itotzer jartzen duelako. Asteazken –18– gauean premiazko bilkura egin du EBZren gobernu kontseiluak eta erabaki du aktibo publiko eta pribatuetan dauden 750.000 milioi euro erosteko plana. Lehenbiziko balorazioan, zenbait adituk nabarmendu dute erabakia garrantzitsua dela, batetik, mobilizatzen duen diru kopuruagatik eta, bestetik, orain arte Covid-19ak arazo gehien eragin dizkien herrialdeei mesede egin diezaiekeelako, adibidez gobernuek beren pizgarri planetarako finantzaketa Europatik segurtatuz.

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko larrialdi programa urte amaierara arte egongo omen da indarrean, eta planari adibide batez neurria hartzeko, esan liteke mobilizatuko dituen 750.000 milioi euro horiek direla Espainiako barne produktu gordinaren ia hiru laurden adina.