argia.eus
INPRIMATU
Europako banku nagusien irabazien %26 paradisu fiskaletatik dator
  • Oxfam Intermon eta Fair Finance Guide Internationalek kaleratutako txosten baten arabera, Europako hogei banku nagusiek 25.000 milioi euro irabazten dituzte urtero paradisu fiskaletan.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 28a

Txostenaren arabera, bankuek irabazi bikoitzak dituzte paradisu fiskaletan dauden enpresekin, beste tokietan daudenekin baino. Beste herrialdeetan galerak dituzten entitate batzuek irabaziak lortzen dituzte paradisu fiskaletan. Helmuga nagusiak Luxenburgo eta Irlanda dira.

Zerga-ihesak herrialdeen arteko desberdintasunak areagotzen dituela ohartarazi du Oxfam Intermonek, herrialde behartsuenei zergen bidez 100.000 milioi dolar baino gehiago irabazteko aukera kentzen dielako. Diru horrekin 124 milioi haurren hezkuntza ordain litekeela ziurtatu du.

Europar Batasunak ezarri duen gardentasun araudi berriari esker bankuen mugimendu fiskalen berri izatea errazagoa da, Miguel Alba Oxfam Intermoneko kideak azaldu duenez. Haren ustez, ordea, araudia eskasa da, 750 milioi eurotik gorako irabaziak dituzten enpresetara mugatzen delako eta enpresei ez dielako eskatzen herrialde bakoitzean egiten dituzten jardueren inguruko informazioa.