argia.eus
INPRIMATU
Europako abokatuen ELDH elkarteak 13/13 epaiketa bertan behera uzteko eskatu dio Espainiari
  • Auzipetuak kargugabetzeko ere eskatu du Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak. Auzipetuei bidezko epaiketa baterako eskubidea urratzen ari zaiela salatu du.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 19a
13/13 epaiketako une bat. Irudia: eitb.eus

Elkarteak “kezka larria” adierazi du, 13/13 sumarioko epaiketan eta instrukzio fasean irregulartasun ugari atzeman dituelako. Gogoratu du abokatuek bost egun eman zituztela inkomunikatuta, beren bulegoak arakatu zituela Guardia Zibilak modu irregularrean, edo CNIk entzuketak egin zizkiela. Elkartearen irudiko 13/13 sumarioan auzipetuak izaten ari diren pertsonak beren bezeroak ordezkatzeagatik daude auzipetuta, “Turkian bezala”.

Tortura frogatuak

Epaiketan auzipetuak egin dituzten tortura salaketen arteko bat ofizialki frogatuta dagoela nabarmendu du abokatuen elkarteak: Naia Zuriarrainen torturak jasota daude Eusko Jaurlaritzak 2017an onartu zuen txostenean. Azpimarratu du, halaber, 13/13 sumarioko instrukzio epailea Grande Marlaska izan zela, Espainiako Gobernuko Barne Ministroa egun, eta Estrasburgoko epaitegiak behin baino gehiagotan kritikatu duela bere jarduna, tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik.

Habanako printzipioak irauli

Zuzenbide arloko Habanako Printzipioen arabera, gobernuen ardura da bermatzea “abokatuek beren lanbide funtzio guztiak betetzeko gai izango direla beldurrik, eragozpenik, jazarpenik edo interferentzia desegokirik gabe”. Espainiako Gobernuak printzipioen kontrakoa egin duela adierazi du ELDHk, bera delako abokatuen segurtasuna mehatxatzen ari dena. Epaiketan bertan, auzipetuei bidezko epaiketa bat izateko eta ustezko delitu berdinagatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea urratzen ari zaiela ere salatu du elkarteak.