Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.
Ipar Euskal Herriak ukan du bigarren diru zama handiena, Bordeleko hirigunekoaren gibeletik. Lagunduak izanen diren lehentasunezko zazpi ardatz definitu dituzte, horien artean, kohesio soziala, lurralde antolaketa, laborantza edota kultura. Aitzinkontu horretatik, bost milioi hiri eta herrietara bideratuko dira, 4,8 milioi euro mendialdearen garapenera, eta milioi bat euro Hendaia eta Capbreton arteko itsas ekonomia bultzatzeko. Proiektuak aurkezteko deialdia azaroaren 17an irekiko da. Joseba Erremundegi Euskal Hirigune Elkargoko mugaz gaindiko kontseilaria, Goiz Berri saioko gomita izan da.