argia.eus
INPRIMATU
“Europak prest egon behar du bigarren COVID-19 eraso baterako” dio EBren prebentzio arduradunak
  • Ez dakiguna da zein tamainakoa izango den eta noiz gertatuko den COVID-19aren hurrengo erasoa, baina gertatuko dela badakigu birusaren ezaugarriengatik, hala mintzatu zaio The Guardian egunkariari Andrea Ammon doktorea, Europar Batasunean Gaixotasunen Prebentziorako Zerbitzuaren (ECDC ingelesezko sigletan) burua dena. Haren ustean, martxoan eskiatzera joateko oporretako itzulerak garrantzia berezia eduki zuen epidemiaren barreiatzean.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21
Andrea Ammon, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren zuzendaria. (Argazkia: Europar Batasuna)

"Begiratzen badiegu birusaren ezaugarriei, orain arte dakigunaren arabera nola dagoen bateko eta besteko populazioaren immunitatea –ez dena izugarria, %2 eta %14 artekoa, eta horrek esan nahi du %85-90 dagoela birusaren erasoa nozitzeko gai–, birusa gure inguruan dabilela, urtarrilean eta otsailean baino askoz gehiago zirkulatuz... ez dut munduaren akabera iragarri nahi baina bai errealistak izan behar dugula. Hau ez da erabat lasaitzeko unea".

Horrela ohartarazi ditu Europako Gobernuak Europar Batasunean Gaixotasunen Prebentziorako Zerbitzuaren buruak, Andre Ammon doktore alemanak. Alegia, posible dela bigarren olaturik ez gertatzea ere, orain arte hartutako prebentzio neurriak eragina izaten ari direlako, baina hori segurtatzetik oraindik oso urrun gaudela eta egoera normala balitz jokatzea arriskutsua dela.

Hartu diren urruntze sozialezko neurriak eta enpresen itxierak tentsio handiak eragin dituztela onartzen du Ammonek. "Ikusten dugu alde batetik daudela enpresa txiki eta ertainak nozitzen ari diren arazoak eta bestetik jendeak sufritzen dituenak, ezin delako ariketa fisikorik egitera irten, ez dauzkalako normalean eduki ohi dituen askatasun horiek guztiak erabili: nahi dugun lekura joan, nahi dugunarekin egon... Sakoneko aldaketa ekarri du honek gure bizitzara. Eta orain, infekzio kopuruak beheraka ari direnean, jendeak pentsatzen du arazoa bukatu dela. Eta ez da bukatu, inondik ere".

Ammonek onartu dio kazetariari agintariek beranduegi erreakzionatu zutela, Txinakoa ikusita neurriak lehenago hartu izan balituzte askori bizia salbatuko ziotela galdetu dionean: "Uste dut neurriok goizago hartu izan bagenitu hala izango zela baina... neurriok hain dira gogorrak, hain daude urruti guk orain arte eduki dugun esperientziatik... iruditzen zait, zoritxarrez, Italiako iparraldeko egoera ikusi behar izan genuela denon begietan neurriok beharrezkoak zirela garbi edukitzeko".