argia.eus
INPRIMATU
Europak ‘Parot doktrinaren’ aurka egiteak, ez lukeela erabakia automatikoki aplikatzera behartuko dio Auzitegi Gorenak
  • Espainiako Auzitegi Gorenak otsailaren 12an atzera bota zuen German Rubenach presoak 'Parot doktrina' aplikatu ez diezaioten jarritako kasazio-helegitea. Epaia garrantzitsua da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak doktrina baliogabetzeko erabakia hartzen badu, Espainiak men egin beharrik izango ez duela aurreikusi daitekeelako, Carlos Fonseca kazetariak ElDiario.es agerkarian azaldu duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko martxoaren 27a
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa.

Auzitegi Gorenak gogorarazi duenez, 2012ko uztailaren 10ean Europako Auzitegiak 'Parot doktrinaren' aurka onartutako epaia ez da irmoa, Estatu Abokatutzak aurkako helegitea jarri zuelako. Pasa den astean hasi ziren helegite hori aztertzen Estrasburgon, baina hilabeteak igaroko dira behin betiko epaia jakin aurretik.

Gorenaren hitzetan, 'Parot doktrinaren' aurkako balizko epaia Gorenaren beraren eta Espainiako Konstituzio Auzitegiaren kriterioen aurka joango litzateke, doktrinaren aplikazioa legala baita haientzat. Europako epaia automatikoki aplikatu beharrik ez litzateke egongo: "Barne-antolamenduko epaien inguruan nazioz gaindiko erakundeek hartutako erabakien eraginkortasuna aurreikusi eta arautuko dituen barne-legedirik ez dago oraindik".

Carlos Fonsecak gogorarazi duenez, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi du "ingeniaritza juridikoa" egingo dutela 'Parot doktrina' baliogabetu ez dadin. "Gatazka mahai gainean dago", dio kazetariak.