argia.eus
INPRIMATU
Europak Oiolako urtegiaren garbiketa finantzatuko luke, bertoko erakundeek proiektu bat aurkeztuz gero
  • Europako Batzordeak finantzaketa lortuko luke Trapagareneko Oiolako urtegiaren arazoa konpontzeko, eskumena daukaten erakundeek behar bezalako proiektua aurkeztuz gero. Hala jakinarazi die Daniel Calleja Batzordeko Ingurumen zuzendariak Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako kideei, Bruselan egindako bileran.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko martxoaren 15
Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako kideak, Europako Batzordearen egoitza baten aurrean.

"Amaia del Campo Barakaldoko alkateari deia egin egin nahi diogu arazo honi elkarrekin aurre egiteko", esan du Javi Vázquez plataformako bozeramaileak. "Behin betiko irtenbidea eman behar zaio Damoklesen ezpata horri; pozoitutako urtegi bat ezin daiteke ur hartunea izan".  

Barakaldoko eta Sestaoko milaka biztanlek hainbat urtez edan eta erabili dute Oiolako ura, lindanoz kutsatutakoa. Legeak esan arren lindanoa onargarria dela kopuru batetik behera, plataforma osatzen duten taldeek behin eta berriro azpimarratzen dute ez dagoela substantzia horretarako balio segururik, gorputzean metatu egiten baita.

Une honetan Oiolarekiko konexioa behin-behineko etenaldian dago. Plataformaren eskaria da etenaldia behin betikoa izan dadila, kutsadurarik batere egongo ez dela ziurtatu arte behintzat. Gaur-gaurkoz ezezaguna da Oiolako lindano horren jatorria, urtegira zein bidetatik iristen den jakina bada ere.    

Oiolatik deskonektatzearen aldekoak Europar Parlamentuko Eskaera Batzordean ere izan dira. Batzorde horretako presidenteak, Cecilia Wikströmek, adierazi die euskal erakundeei eskutitzak bidaliko dizkietela, kutsaduraren jatorria bila dezaten eskatuz. Gaineratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez die erantzun gaiari buruz egin dizkioten informazio eskaerei.