Espainiako Estatuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatua dauka. Europako Batzordeak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen egoera aztertu du eta emaitzekin txostena argitaratu.
Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika aztertu du eta Gobernuari eskatu dio gutxienez euskarazko telebista kate pribatu bat eta irrati pribatu bat bermatzea. Hedabideekin segiz, Euskalerria Irratiak lizentziarik gabe zergatik jarraitzen duen berriz aztertzeko eskatu dio, baita Xorroxin Irratiaren eta Xaloa Telebistaren egoerak begiratzeko ere.
Europako Batzordeak gomendatu dio euskarazko hedabideei diru-laguntzak bideratzea. Hezkuntzan, ingeles ereduek (TIL eta British eredua) euskarari nola eragiten dien aztertzeko eskatu dio. Batzordeak Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmenak txalotu ditu, baina dio praktikan ez dutela eragin garrantzitsurik izan.
Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Estatuari eskatu die justizia administrazioan langile euskaldunen proportzioa egokitzea, esate baterako, hala nahi duen herritarrak epaiketa euskaraz izan dezan. Europako Batzordeak Espainiako Estatuari hizkuntza gutxituak bultzatzeko egindako esfortzua eskertu dio, eta era berean, justizia eta estatuko administrazioetan hizkuntza gutxituak gehiago sustatzeko neurri gehiago hartu behar dituela esan dio.