argia.eus
INPRIMATU
Europak batasun militarra indartu nahi du
  • AEBen eta NATOren aurrean, Europak "segurtasun eta defentsa gaitasunak" indartu behar dituela adierazi du Junckerrek.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 13a

“Segurtasuna zainduko duen Europa bat” izeneko eztabaidarako dokumentua aurkeztu zuen Europar Batasuneko defentsa komisioak pasa den ekainaren 7an. Hiru egoera aurreikusten ditu "anbizio mailaren" arabera.

“Anbizio maila altuena” duen eszenatokiaren alde egin zuen Junckerrek, hau da, Europar Batasuneko “defentsa eta segurtasun komuna” deiturikoa. Europaren segurtasuna bermatzeko, EB eta NATOren arteko indartzea proposatu du; “maila altuko segurtasun eta defentsa operazioak” egiteko prestatuz.

Defentsarako Europar Funtsa sortzea gomendatzen du dokumentuak, urtean 5.500 milioi euroko aurrekontuarekin. Aurrekontu horren bitartez, ikerketa ildo berriak irekitzeaz gain, Europa mailako “benetako” defentsa merkatu bat sortzea bilatuko da.

Ekainaren 9an Pragan egindako goi bileraren ostean, Europar Komisioko presidente Jean-Claude Junckerrek adierazi zuen, ezin dutela AEBengan konfidantzarik izan Europako interesak babesteko. “Ez dugu beste alternatibarik, geure interesak guk geuk defenditzea baino” adierazi zuen, AEB eta NATOri erreferentzia eginez.

Kanpoko potentziekiko menpekotasunik gabe, Europak bere defensa propioa antolatzeko aldarrien artean, Alemania NATOren parekide izango den armada bat sortzen ari dela iragarri zuen orain dela hilabete foreign policy-k.