argia.eus
INPRIMATU
Europak armetan %16 gehiago gastatu zuen iaz, 2022arekin alderatuta
  • Ukrainako gerraren eta Ekialde Hurbileko egoeraren ondorioz, Europak aurrekaririk gabeko mailan igo du gastu militarra. Europan gora egin du gastu militarrak, baina baita mundu osoan ere. Stockholmeko Bakeari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Institutuak egindako 2023ko txostenak hala azaldu du.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 22a

La Vanguardia egunkariak Stockholmeko Bakeari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Institutuak ateratarako txostenaren laburpena plazaratu du. Artikuluan dioenez, Europak ere gastu militarrean gora egin du. 2023an, 588.000 milioi dolar gastatu ditu, 2022an baino %16 gehiago. Sailkapenean lehen postuan Erresuma Batua dago. Dena den, arreta ematen du Poloniaren gorakadak. Errusiak Ukraina inbaditu eta gero, herrialde horren gastu militarra %75 igo da. Askogatik, gorakada handiena izan duen herrialdea da. Finlandia NATOko kide egin da 2023an eta gastu militarra %54 igo du.

Europako agintariak aho bizarrik gabe hizketan

La Vanguardia egunkariak Europako agintariek gerra hotsez esandakoak jaso ditu. Otsailean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak hala esan zuen: “Gerra-arriskua ez da berehalakoa, baina ez da ezinezkoa”. Egun batzuk lehenago Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak esan zuen “Errusiaren arriskua erreala” dela. Espainiako Gobernuko Defentsa ministro Margarita Robles gordinago aritu zen martxoan; “gerra mehatxua erabatekoa” dela esan zuen. Hots, egunkari kataluniarrak dio Europako agintariek argi hitz egiten dutela “gerrari” buruz.

Munduko gastu militarrak %6,8 egin du gora

2023an 2.443.000 milioi euro gastatu dituzte munduko herrialdeek, 2022an baino %6,8 gehiago. 2009az geroztik, urte batetik bestera egin den gorakadarik handiena da. Stockholmeko erakundea 1988an txostenak egiten hasi zenetik, munduak ez zuen inoiz hainbeste gastatu armetan. Ikerketan parte hartu duen Nan Tian kideak hala adierazi du: “Estatuek indar militarrari ematen diote lehentasuna. Alabaina, agertoki geopolitikoa eta segurtasuna gero eta aldakorragoak dira, eta ekintza /erreakzioa zurrunbiloan sartzeko arriskua dago”.

Ukrainako gerra dela-eta, Errusiak %24 igo du gastu militarra. Gobernuaren gastuen %16 da, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik ehuneko handiena. Barne Produktu Gordinaren %5,9 hartzen du.

Ukrainaren gastu militarra Barne Produktu Gordinaren %37 izan zen, munduko portzentajerik handiena. Gobernuaren gastuen %58 izan da.

Amerikako Estatu Batuek eta NATOk jarraitzen dute munduan armetan gehien gastatzen. Bien artean %55 biltzen dute.

Ekialde Hurbilari begiratuz gero, Israelek %24 igo du gastu militarra. Kontuan izan behar da Gazaren aurkako genozidioa urrian hasi zela, 2023ko urte hondarrean, alegia.