argia.eus
INPRIMATU
Europak armagintzara 800.000 milioi euro bideratzea proposatu du Von der Leyenek
  • Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatu plana aurkeztu du, kontinentea "erresilientea eta segurua" bihurtzea xede duena. Bost zati ditu planak, eta estatu kideek 150.000 milioi euro jasoko dituzte mailegutan. Arau fiskalak moldatuko dituzte, gastu militarra ez dadin kontutan hartu estatuen defizita, eta hortaz gastu sabaia, kalkulatzeko orduan.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 05
EFE

"Armatzeko garai batean gaude. Europaren unea da, eta aurrerapauso bat emateko prest gaude", adierazi du Von der Leyenek Europaren gaitasun militarra areagotzea xede duen Europa berrarmatu plana aurkezteko agerraldian. Bost zati ditu planak, eta Europako Batzordeko presidenteak aurreratu duenez, planak duen "tresna" bati esker mailegutan 150.000 milioi euro eman ahal izango dizkie estatu kideei. Inbertsio publiko eta pribatua batuz 800.000 milioi euro lortu nahi ditu Von der Leyenek armagintza industriarako.

"Hobeto eta elkarrekin gastatzea da kontua", adierazi du Von der Leyenek. Azaldu duenez, estatu kideek ekipamendu militarra elkarrekin erosteak gastuak "gutxituko" ditu eta material militarraren "zatikatzea" murriztu: "Estatuek aukera gehiago izango dituzte eremu horretan elkarlanean aritzeko, eta, noski, horrek Europar Batasunaren defentsa industria sendotuko du". Dena den, hori ez da berria, urtarrileko Armagintza moldatu gizartea eraldatzeko LARRUN monografikoan jaso genuenez: "Iraganean Europak arma ia guztiak AEBei erosten zizkion. 2024an  Europako Defentsa Estrategia Industriala aurkeztu zuen Europako Batzordeak. Estrategia berriak baldintza bezala ezarri du EBko gastu militarraren %50a behintzat bertako herrialdeetako industrian egitea, gutxienik hiru herrialderen parte hartzearekin. Europako armagintza industria garatzea estrategikotzat jo du EBk, eta dirua eta bestelako erraztasunak ez dira faltako".

Defizit kalkuluetatik at geldituko da inbertsio militarra

Von der Leyenek agerraldian proposatu dituen neurrien artean, gastu militarra defizit mugetatik kanpo uztea ere badago. Proposamen hau ere ez da berria, urteak dira lehen aldiz proposatu zenetik, baina orain arte ez da onartua zian. Proposamenak aurrera egitekotan, estatu kide bakoitzaren defizita kalkulatzerakoan gastu militarra ez da kontuan hartuko. Horrek inbertsio militarra EBko herrialdeek dituzten defizit mugetatik, hau da gastu sabaitik, kanpo jartzea ekarriko luke, osasun, hezkuntza edo pentsio arloko gastuak ez bezala. Europako Batzordeko presidentearen arabera, estatu kideen defentsa "nabarmen igotzea" lagunduko du neurriak.

Ukrainara arma gehiago

Ukraina izan du hizpide Europako Batzordeko presidenteak agerraldian, Europa berrarmatu planak Ukrainara bideratutako laguntza "masiboki" areagotzea ahalbidetuko baitu: "Estatu kideek Ukrainari ematen dioten laguntza handitu dezakete, beraz, Ukrainarako berehalako ekipamendu militarra egongo da".

Europako Batzordeko estatu kideetako gobernuburuak eta estatuburuak ostegunean bilduko dira Bruselasen, ezohiko bilera batean. Von der Leyenek proposatutako neurrien eta Europaren defentsa gaitasunak handitzeko moduen inguruan hitz egingo dute bertan.