Hedabide batzuek 40.000 aipatu dituzten arren, The Guardianen arabera Europako estatuek 60.000 onartu dituzte. Hots, Mediterraneoa zeharkaturik Italia eta Grezian pilatuta dauden milaka iheslari asiar eta afrikarretatik 60.000 kokatuko dituzte hainbat herrialde europarretan, baina inork bere gain kopuru jakin bat hartzeko konpromisorik gabe.
Gerretatik ihesi Europaraino iritsi diren milaka errefuxiatu –nagusiki Siriakoak, baina baita Eritrea, Irak eta beste askotakoak ere– Europar Batasuneko herrialdeen artean kuoten arabera banatzeari ezezko borobila eman diote Polonia, Txekia, Eslovakia eta Hungariak. Aurretik, astean zehar, Austriak mehatxu egin du bere mugetan berriro kontrolak jartzearekin, Hungaria eta Britania Handiak eskatu dute Frantzia iparraldeko Calais portuan kontrolak gehiago zorroztea, eta britainiarrek espainiarrekin batera eskatu dute garrantzia handiagoa ematea Europaraino iritsitako iheslariak berriro beren sorterrietara bidaltzeari.
Ekainaren 26an Europar Batasunak hartutako erabaki hau 2015eko uda errefuxiatuen krisiari dagokionez barexeago pasa dadin botika aringarria baizik ez da. ARGIAk berrikitan azaldu zuenez, milioi bat iheslari dabiltza Europara jauzi egiteko borrokan, gerrari ihesi Siriatik, Eritreatik, Somaliatik eta Afganistandik datozenenak. Italiara eta Greziara iristea lortu dutenez gain, oraintxe bertan Ekialde Hurbilean dauden gehienak kokaturik, Turkian, Libanon, Jordanian eta, eritrearren kasuan Egipton. Herrialde hauek iheslariz gainezka daude eta ez diete utziko gelditzen bertan. Iheslariak harrapatuta daude ez beraiek eta ez beren haurrek etorkizunik ez daukaten lekuetan.
Amnesty Internationalek (AI) bere “The Global Refugee Crisis: A Conspiracy of Neglect” (Mundu mailako errefuxiatu krisia: utzikeriaren konspirazioa) dossier gordinean jakinarazi du munduan noraezean dabiltzala une honetan 50 milioi jende, II. Mundu Gerraz geroztik planetak ezagutu duen exodo masiboenean. Kopuru beldurgarri horien aurrean Europa 60.000 iheslari dagoenekoz bertara iritsitakoak elkarren artean nola banatu ezin asmaturik ikusteak ematen du Europar Batasunaren ezintasunaren neurria.