argia.eus
INPRIMATU
EuropaCity atzera bota dute epaitegiek: Parisko azken baserriak salbatuko ote dira?
  • Parisko Roissy-Charles De Gaulle aireportuaren inguruetan 300 hektarea desjabetu zizkieten baserritarrei eta lur jabeei, bertan eraikitzeko hipermerkatuak, parke tematikoa eta horiei lotutako azpiegitura berriak, Auchan taldeak ( Decathlon, Simply, Kiabi, Alcampo, Leroy-Merlin, Bricomart, Norauto, Midas, Sabeco) antolatutako operazioan. Auzitegiek arrazoi eman diete aurkako militanteei, agintariek emandako Ingurumen Baimenean gauzak oker egin zituztelako  

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko martxoaren 13a
Jacques Poix nekazaria bere soroan lanean EuropaCity eraiki nahi duten Gonesseko eremuan.

Paris inguruetan desafio itzela jokatu da hilabeteotan. Alde batetik munduko bi enpresa talde indartsuenetakoak 3.100 milioi euroko negozioa errematatu nahian. Bestetik, 26.000 biztanleko Gonesse herria, hiriburuaren azpiegitura eta zerbitzuz dagoeneko gainezka egonik bere azken soro emankorretatik 300 hektarea gal ditzakeena, etxalde, nekazari eta guzti. Notre Dame des Landeseko ZADaren ondoan, apuntatu EuropaCity izena alferrikako proiektu erraldoien artean. ARGIAk azaldu zuen afera "Parisko azken baserriek ez dute hil nahi itota alferrikako hormigoitan" kronikan.

Frantziako prentsak zabaldu du Cercy-Pontoiseko auzitegiaren erabakiaren berri. Le Figarok, esaterako, dio plan erraldoien promotoreek bigarren muturrekoa jaso dutela duela gutxi Notre Dame Des Landeseko aireportuaren baztertzearen ostean. Reporterre hedabide elektronikoak epaiaren zenbait pasarte aurreratu ditu: "Jendaurrean erakutsitako dossierrak ez zituen nahikoa zehazten nola aseko ziren proiektuaren energi beharrak. Auzitegiak, era berean, erakutsi du [baimena lortzeko erakutsitako] azterketak ez zituela aski zehazten airearen kalitatearen gain edukiko zituen eraginak, kontutan harturik turisten mugimenduak sortutako CO2 isuriak eta Europacityren eraikuntzari legozkiokeenak. Azkenik, auzitegiak ebatzi du Inpakto Azterketak ez zituela nahikoa baloratu proiektuari lotutako beste lanek proiekturari gehituko lizkioketen eraginak".

Epaileen erabakia izango ote da azken hitza ala orain arte horrelako mega-proiektu batean hainbeste urrats eman dituzten enpresek segituko dute elegiteen bidez eta Gobernuaren ahalmen exekutiboaren bidez asmorekin aurrera? Twitterrek pistaren bat ematen baldin badu, ikus daiteke nola promotoreak ari diren azken orduotan Europacityren aldeko kontra-ofentsiba beroan. Erne jarraitu beharko dute Gonesseko Triangulua bizirik atxiki nahi duten baserritar eta herritarrek.