argia.eus
INPRIMATU
Europak Wert gezurtatu eta Erasmus bekak igoko ditu
  • "Ez dakit nola esan modu diplomatikoago batean: zaborra da". Europako Batzordeko Hezkuntza arloko bozeramaile Dennis Abbottek argi laga du: Espainiako Hezkuntza Ministerioak informazio "erabat faltsua" eman du, esatean Europak Erasmus beketara bideratutako dirua erdira murriztuko duela.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 13a
Espainiak "informazio faltsua" eman duela esan du Europak.

Astelehenean, Espainiako Hezkuntza Ministerioko bozeramaile batek –hedabideek ez dute izenik eman– kazetarien aurrean esan zuen Erasmus bekak emateko irizpideak aldatu nahi dituela Europako Batzordeak. Hark dioenez, ez da unibertsitateko ikasle kopurua aintzat hartuko, herritar kopurua baizik. Jose Ignacio Wert buru duen Ministerioko iturrien arabera, EBren irizpide berriak medio, Espainiak bekadun kopurua nabarmen murriztu beharko luke.

Abbottek adierazi duenez, ordea, finantzazio irizpide berriengatik bekadun kopurua murriztuko dela esatea "faltsua" da. Are gehiago, datorren ikasturtean Europak %4,3 igoko du espainiar ikasleentzako beketara zuzendutako diru-laguntza; eta ehunekoak gora egingo du urteak pasa ahala, 2020an %60ra iristeraino.

Wert ministroaren curriculum berezia

Ez da honakoa izan Wertek labain egin duen lehendabiziko aldia, Toni Martinezek La Marea webgunean jaso duen moduan. Dozena erdi bideotan laburbildu ditu okerren baloratutako ministroaren une gogoangarrienak: Espainiako Gobernuaren asmoa "kataluniar ikasleak espainiartzea" dela esan zuenekoa; unibertsitateko ikasleek agurra ukatu ziotenekoa; beken inguruko adierazpenak, Erasmusenak tartean; Goya Sarietan kulturako BEZari buruz entzundakoak; eta dopinaz esandakoak.