argia.eus
INPRIMATU
Josep Borrell
“Europa lorategia da eta munduaren gainerakoa oihana; lorezainek oihanera joan behar dute, bestela, inbaditu egingo gaitu”
  • Europako Batasuneko diplomaziaburu den Josep Borrellek kutsu zibilizatzaileko adierazpen xenofobo eta eurozentrista larriak egin ditu Europako Akademia Diplomatikoaren inaugurazio ekitaldian.

IƱaki Agirre @ikiagirre 2022ko urriaren 18a

“Europa lorategi bat da […], eta munduaren gainerakoa ez da zehazki lorategia. Munduko gainerako zatirik handiena oihana da, eta oihanak lorategia har dezake”. Josep Borrell Europako Batasuneko atzerri eta segurtasun politika erkideko goi ordezkaria hitz hauekin mintzatu da joan den astean Brujasen (Flandria) inauguraturiko Europako Akademia Diplomatikoaren irekiera ekitaldian.

Batasuneko etorkizuneko diplomatikoak izango direnen aurrean, Espainiako atzerri ministro izandakoak adierazi du Europako “lorezainek” munduan esku hartu eta “oihanera” joan behar dutela, eskuin muturreko diskurtso xenofobo eta zibilizatzaile gordina lasai aireratuz: "Lorezainek oihanera joan behar dute. Europarrek askoz konpromiso handiagoa hartu behar dute munduarekin. Bestela, munduaren gainerakoak inbaditu egingo gaitu, askotariko modu eta bitartekoez".

Berak nabarmenduriko behar hori azpimarratzeko, iragan kolonizatzailea duen kontinenteko goi ordezkariak Europako "lorategiaren" balioa goraipatu du: "Lorategi bat eraiki dugu. Guztiak funtzionatzen du. Gizateriak eraiki duen askatasun politikoaren, oparotasun ekonomikoaren eta kohesio sozialaren konbinaziorik onena da, hiru gauzak batera". Hura babesteko, ordea, “harresiak” eraikitzea nahikoa ez dela adierazi du, oihanak "hazteko ahalmen handia" duela argudiatuz: "Harresiak ez dira inoiz behar bezain altuak izango lorategia babesteko".

“Behar bezain altuak” ez, baina bai hilkorrenak

Europako atzerriko politiken arduradunaren hitzetan, harresiak eraikitzea "ez da oihana kanpoan mantentzeko irtenbidea", baina Europar Batasunak azken urteotako politikekin erakutsi duen joerak bestelako pentsaera bat islatzen du. Mugen kudeaketa eta kontrolerako inbertsio komunitarioa, esaterako, laukoiztu egin du aurrekontu-aldi batetik bestera, 2.800 milioi eurokoa izatetik (2014-2020) 12.800 milioi eurokoa izatera pasata (2021-2027), eta Frontex agentziaren etengabeko hazkundea 10.000 agenterekin hornitu nahi du bost urte barrurako.

Atzerri politika horien ondorioz eraikitako harresiak ez dira "behar bezain altuak", ordea, Europako Batzordeko presidenteorde ere denarentzat, horien eraginez, dagoeneko munduko hilkorrenak diren Europako mugek urtetik urtera hilkorrago bilakatzen jarraitzen duten arren. Horren adibide gisa, Frontexen eskutik Mediterraneo itsasoan eragindako militarizazio prozesuaren ondorioz, berraktibatu den Kanarietako bidean iaz 4.016 hildako erregistratu ziren –2020an baino %116 gehiago–; inoizko zifrarik altuena.