argia.eus
INPRIMATU
Jon Sánchez (Mugak Zabalduz karabana)
“Europa Hegoaldeko mugan egoera benetan larria da”
  • Jon Sánchez Hala Bediko kazetaria joan den astean Melillara joan zen Mugak Zabalduz karabanan. 450 ekintzailek parte hartu dute, horietatik 200 euskal herritarrak, bertako egoera ezagutu eta horren berri emateko. Egoera bidegabeak ezagutu dituztela eta orain hauek zabaltzeko unea dela adierazi digu.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 27a
Protesta ugari egin dituzte Mugak Zabalduz karabanako kideek (Arg.: Jon Sánchez @kokoteko)

Uztailaren 14tik 22ra egin duzue karabana, salaketa ekintzez beteta, zein izan da helburu nagusia?

Hainbat kolektiboren artean antolatu da bidaia, mugan ikusitakoa kontatzeko. Aurreko urtean egindako Greziako karabanaren arrakastaren ostean, aurten Europako Hegoaldeko muga ezagutzea genuen helburu. Melillako ekintzaileek ere eskatu zuten, bertan ematen diren giza eskubideen urraketak zabal ditzagun. Ni ez nintzen Greziako karabanan izan, baina bertan egon zirenek esan dute hemen ikusitakoa gogorragoa izan dela.

Euskal Herrian hasita, Bardeak, Madrid, Melilla… igaro dituzue. Zer da ikusi duzuena?

Bardeetan egin genuen lehen geldialdia bertan arma probak egiten dituztela salatzeko. Izan ere egungo egitura militarrek bermatzen dituzte mugan gertatzen diren injustizia guztiak. Madrid, Sevillan eta Malagan mobilizazioak egin genituen, bertako elkartasun taldeekin batera.

Melillako egonaldia ezohikoa izan da, 450 pertsonako karabana batek bertako egunerokotasuna eraldatzen baitu. Presentzia poliziala harrigarria izan da: uneoro izan dugu kordoi polizial bat gure inguruan, eta beraz ez digute benetako egoera ezagutzen utzi. Melillako kideek salatu dute, behatzaileak ginela jakinik, horrenbesteko azpiegitura xahuketa lotsagarria izan dela.

Hala ere, laguntzarik gabeko atzerriko adingabeen egoera latza ezagutu ahal izan dugu. Muga pasa arren, seniderik gabe dauden haurrak dira, gehienak dirurik gabe kalean bizi direnak. Tamalez, injustizia eta biolentzia jasateko arrisku handiagoa dute, erabat babesgabe daude.

Bidaiako esperientziarik gogorrenetarikoa Almeria izan dela esan duzue.

Melilla ezin izan dugu ondo ezagutu, eta Almeriako egoera bertatik bertara ikustea ezberdina izan da. “Almeriako milagro ekonomikoa” deitzen dutenaren atzean, esklabutza egoeran dauden migranteak ikusi ditugu. Berotegiz jositako zelaietako langile gehienak egoera irregularretan dauden migranteak dira, oso gutxi kobratzen dute, eta berotegien ondoan dauden plastikozko etxoletan egiten dute lo; egoera benetan larria da. Sindikatu batzuk badabiltza langileak kontzientziatu nahian gehiago kobratu beharko luketela esanez, baina oraingoz alperrik da, ez dago eta beraien esku.

Emakume zamaketarien kasua ere salatu duzue.

Melillako auzo txinatarrean ezagutu genuen emakume zamaketarien egoera ere benetan tamalgarria da. Muga edozein motako salgaiak garraiatuz zeharkatzen dute, gorputzean ahal duten pisu guztia eramanez, euro bat eta hiru euroren artean jasotzeko. 80 kilo soinean zeramaten andreak ikusi ditugu, makuluekin zihoazenak, elkarren eskutik joaten ziren itsuak… lan eta bizi baldintzak onartezinak dira.

Emakume zamaketarien egoera bidegabea salatu dute. (Arg.: Jon Sánchez @kokoteko)

Zein dira orain egingo dituzuen hurrengo urratsak?

Bertan bizitakoa ez dugu erraz ahaztuko eta orain norberari dagokigu gure inguruneetan, gure eragileetan ikusitakoa kontatu eta salaketa egitea. Bidegabekeria guzti hauek ahalik eta gehien zabaldu behar ditugu orain.