Europaren eta ezkerraren etorkizunaz eta erronkei buruz ariko dira ekainaren 6etik 8ra Donostian egingo diren Study Days jardunaldietan. EH Bilduk antolatu ditu Europako Parlamentuak sustatutako jardunaldiok, GUE/NGL talde parlamentarioaren kide gisa.
Hogeita bederatzi eurodiputatu eta Europako Parlamentuko ehundik gora langile eta aholkulari gerturatuko dira hiriburura, eta migrazioaren eta errefuxiatuen egoera, Brexit-aren ondorioak, Euskal Herriko bake prozesua edo kooperatibismoa bezalako gaiez ariko dira Donostiako Tabakaleran.
Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak jardunaldien aurkezpenean adierazi du: “Europak ezker indartsua behar du, herritarrekin eta herritarrentzat lan egiten duen ezkerra. Batez ere, une honetan, Europa bidegurutze batean baitago. Egungo egitura krisian baitago”. “Inoizko Study Days irekienak” izango direla adierazi du Juaristik, normalean jardunaldi itxiak izaten dira, eta oraingoan herritarrei eta herri eragileei irekiak izango dira hainbat mahai-inguru, tailer eta hitzaldi.
Euskal Herriko bake prozesuaren inguruan hitzaldia emango du Arnaldo Otegik Aieteko Jauregian ekainaren 6an, eta Aieteko adierazpenetik hona egindako bidea azalduko die eurodiputatuei.
Arrasatera egingo dute bisita ekainaren 7an, eredu kooperatibo horren errealitatea ezagutu eta hortik abiatuta lan ereduez, lanpostuez, murrizketez eta abar hitz egiteko.
Orotara gaurkotasunari loturiko zortzi eztabaida eta tailer daude antolatuta, eta Euskal Herriko bezala Europa mailako gizarte, ekonomia eta politiko alorreko hainbat jendek hartuko dute parte bertan.