Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako zenbait erresuma txikik munduaren “jabetzaren” lehiari ekin zioten. Portugalek eta Gaztelak hasieran; Frantziak; Herbehereek ondoren, eta XX. mendearen hastapena arte, Ingalaterrak.
Beste herrialde batzuek Europak adina indar demografiko eta garapen teknologiko bazituzten; aldiz, Europako mendebaldeko herri horiek baino ez zuten amestu inperio planetario batekin. Xede horren atzean eraikuntza-ideologiko bat zegoen: XVI. mendean balizko erlijio unibertsala; XIX.ean, balizko “supremazismo” intelektual, tekniko, “etikoa”. Une hartan garatu zen azken muturreraino eurozentrismoa.
XX. mendean, berriz, Europako nazioen arteko talkak bi Mundu Gerra sortu zituen. Orain arte gizakiak egin duen sarraskirik handiena. Europa birrinduta gertatu zen. Gertaera horren ondorioz, Europak, kolonizatuta bizi ziren ehunka herriren pozerako, bere nagusitasuna galdu zuen.
Geroztik, Europako mendebaldea indar berrien menpe geratu da. Duela gutxi arte izan dugun gure ongi-izate maila herri pobreengandik ostutako lehengaiei esker lortu badugu ere.
Haatik, duela urte batzuk, eredu horrek sabaia jo zuen. Hazkunde Iraunkorra ezinezkoa baita; eta sabaia jotzean, egun agintzen duten estatuek, AEBek, Errusiak eta Txinak, Europari dagokion menpeko eserlekua erakutsi diote.
Europako jendarteek egiturazko krisi larria pairatzen dute. Zaharkituak, menpekotasun energetikoa; elikagai osasungarrien eskasia, lehengaien falta, industriaren gainbehera, neofaxismoen mehatxua…
Errotik aldatu ezean, egoera hori behin betikotuko da; eta, noski, zaurgarriek, langileriak eta etorkin berriek jasan egin beharko dituzte ondorio latzenak.
Erabat arbuiatu behar ditugu azkeneko asteetan zenbait enpresaburuk eta Eusko Jaurlaritzak armen ekoizpen aldeko egin duten hautua. Euskal Herria ezin da-eta lerrotu katastrofera eraman nahi gaituzten estatu eta multinazionalekin
Historikoki, gerra izan da bilakaera historikoa bizkortu duen eragile nagusia. Orain ere gerra bat izan da fase geopolitiko berriaren hastapena, Ukrainan. Fase historiko berriaren atakan, AEBek morroitza eskatu zioten Europa Zaharrari, eta gure agintariek amore eman zuten. Trumpen aginte absolutistak areagotu du morroitza.
Europak munduari eman eta lapurtu dion guztia ez da txarra. Ekarpen positiboei erreparatu beharko genieke etorkizun hobea lortze aldera. Europak egin ditu saiakera positiboak ere, garrantzitsuena: Giza Eskubideen aldarria. Saiakera zintzoa, Europako begirada mugatutik egin ziren arren, ahalegin etiko unibertsal gisa sortu zirelako. Gizaki guztiok eta herri guztiok ditugun oinarrizko eskubideen aldeko aldarria.
Gure testuinguru geopolitiko eta historikoan sortutako zenbait oinarriren emaitza dira eskubide hauek. Humanismoa, sozialismoa, kristautasuna, soberanismo antiinperialista, langile mugimendua, feminismoa, ekologismo iraultzailea... Horiek gabe ezin dira ulertu Giza Eskubideak.
Arestian esan bezala, teknologia eta indar demografikoaz gain, ideologia izan zen Europako inperialismoa bultzatu zuen indarra. Egin dezagun beste saiakera bat, ideologiaren indarraz. Izan gaitezen Giza Eskubideen aldarrikatzaile sutsuak, utz ditzagun aliantza militar beldurgarriak, komertzio justua bultza dezagun, benetako demokrazia eraiki. Distopiaren aurrean, helburu gauzagarriak lortzen dituzten utopiei euts diezaiegun.
Europak etorkizuna ukan dezan menpekotasunaren sorburuei ekin behar die. Erronka handiak ditugu: desmilitarizazioa, desazkundea, kultur aniztasuna ondo kudeatu, kontsumismo patologikoa eten, sistema demokratikoak lortu, ekonomiaren kontrol demokratikoa eskuratu, nazioarteko bake-politika... Alternatibak egon badaude, baina gidoia zeharo aldatu behar dugu.
Euskal Herrian badakigu zein kaltegarria den gerra. 200 urtez pairatu baititugu gerra eta gatazka armatuen ondorioak.
Hemen Europako gaitz guztiak metatzen ditugu larriki. Hortaz, Europaren etorkizuna kinka larrian badago, geurea amildegiaren ertzean.
Testuinguru geopolitiko honetan erabat arbuiatu behar dugu azkeneko asteetan zenbait enpresaburuk eta Eusko Jaurlaritzak armen ekoizpen aldeko egin duten hautua. Euskal Herria ezin da-eta lerrotu katastrofera eraman nahi gaituzten estatu eta multinazionalekin.
XX. mendean desmilitarizazio prozesuari gure ekarpena intsumisoa izan zen; orain, armagintzari uko egitea dagokigu. Hori izan daiteke beste etorkizun posible baten aldeko gure ekarpenetako bat.
Patxi Azparren, Bake Ekintza Antimilitarista taldeko kidea