argia.eus
INPRIMATU
Europa eta Estatu Batuak lotuko dituen ur azpiko kablea Sopelara heldu da
  • Google multinazionalak Cornualles (Erresuma Batua), Long Island (AEB) eta Sopela (Bizkaia) elkartuko ditu 7.000 kilometro dituen urazpiko telekomunikazioetarako kablegaz. Datorren urtean martxan jarriko den azpiegitura honek segundoko 340 terabyteko edukiera dauka.

Hiruka .eus Ander Zarraga 2021eko irailaren 10a
Kablea egokitzeko lanak bihar, irailaren 11n, bukatzea aurreikusi dute. © @DELGOBPAISVASCO.

Google konpainiaren "Grace Hopper" itsaspeko kablea Sopelara heldu da, Interneteko abiadura eta segurtasuna hobetzeko helburuagaz. 7.000 kilometroko komunikazioetarako kable honen bitartez, multinazional teknologikoak Ozeano Atlantikoaren ertz biak lotuko ditu, hiru puntutan: Long Island, AEBetan eta Sopela eta Cornualles (Erresuma Batua) Europan.

Egunotan, Arrietara hondartzan egin dituzten lanakaz, kablearen "lurreratzea" egin dute. Maria Alvarez Google Cloud-eko ordezkariak azaldu duenez, "segundoko 340 terabyteko edukiera izango du; hau da, aldi berean 4.000 bideo 17,5 pertsonari transferitzeko gaitasuna dauka". Azpiegitura honek, "latentzia txikiagoa, trafiko-abiadura handiagoa, eta segurtasuna", ekarriko dituela ere azpimarratu du Googleko bozeramaileak. Multinazionalaren aurreikuspenen arabera, instalazio berria datorren urtearen hasieran jarriko dute martxan.

Kableak Grace Brewster Murray Hopper (1906-1992) informatikako aitzindariaren izena darama, ezagunagoa programazio-lengoaia baterako lehen konpiladorea (estekagailua) garatu zuelako, oraindik erabiltzen den lengoaia, hain zuzen ere.

Sopela, telekomunikazioen portua

Aurretik ere jarri dituzte antzeko azpiegiturak Sopelan. Lehena 2017an izan zen, Microsoftek eta Facebookek zuntz optikoko kablea jarri zutenean. Orduan, Sopelatik hasi ziren kablea jartzeko lanak, eta 6.600 kilometroko kablea Amerikako Estatu Batuetako Virginia Beachera heldu zen.

Oraingo honetan ere, Sopelako hondartza aukeratu dute, lehendik ere existitzen zen telekomunikazio-sareak asko errazten eta merkatzen dituelako lanak. Azpiegitura horiek eraikitzen dituzten enpresek Uribe Kostako itsasertza aukeratu zuten 2001ean, bertako egoera geografikoagatik eta euskarria emateko teknologia-enpresen kopuru altuagatik.

Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, azaldu duenez, "gure enpresa multilokalizatuek sarean lan egiten dute, eta Euskadin kokatutako enpresa bat Txinan edo AEBetan kokatutako beste batekin konektatzen da. Hori ezin da egin azpiegitura horiek gabe". Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak konektibitatearen alde egindako "apustua" ere azpimarratu du.

Iragarri dutenez, Grace Hopper kablea "serie bateko lehena izango da"; izan ere, Eusko Jaurlaritzak "teleportu" bat sortu gura du Sopelan, itsaspeko kable berriak lotzeko eta penintsulako beste leku batzuetan lotzen dituzten kableak elkartzeko.