argia.eus
INPRIMATU
Europa (A)soziala
  • Horrela deitzen du Luis Moreno ikertzaileak lehengo urtean plazaratutako bere liburua. Eta horixe da niri hauteskunde gauaren ostean geratu zaidan sentsazioa.

Felix Arrieta Frutos @pelikleta 2014ko maiatzaren 26a

Alde batetik, emaitzak ikusita. Fronte Nazionalak lehen postua atera du Frantzian, Danish Folkepartyak Danimarkan eta Greziako Urrezko Egunsentia edo Britainia Handiko UKIP anekdota hutsa baina zerbait gehiago dira: benetako indarra izan dezakete datozen bost urteetako Europako Legebiltzarrean. Eta nola da hori posible giza eskubideen errespetoa eta elkartasuna bere baloreen lehen postuetan izan dituen Europar Batasunarentzat? Nola daiteke Ongizate Estatu eta gizarteen kontinentean eskuin muturrak aurrerakada hori izatea?

Krisia, esango dute batzuk. Beldurra, besteek. Baina arrazoi nagusienetako bat (a)soziala terminoaren bigarren adieran datza: ez dago Europar kontsidera daitekeen gizarte artikulaturik. Hauteskunde kanpaina honek erakutsi du agenda tokian tokiko aferek determinatu dutela eta agenda politiko bateratua ez dagoen tokian, agenda europearrik ez dagoen tokian, ezin daiteke esan europar gizarte bat ere badagoenik, interes eta helburu, balore eta sinesmenak bere baitan biltzen dituena. Zer esanik ez erakunde sistema partekatuaz ari bagara. Baina honek beste artikulu bat merezi du, berak bakarrik.

Azkenik, Europa (a)sozialak azken hausnarketa batera narama. Bart gauean, alderdi guztiak bere emaitzak ospatzen ari zirenean (tira, guztiak sozialistak eta Iturgaitz izan ezik) ba ote zekiten zein nolako gizarte eredua nahi duten Europarentzako? Zer egin europar ikurra den ongizate estatua eta berau osatzen duten politikekin?

Kanpainan eta eztabaida publikoetan ez dute denborarik ‘galdu’ honetaz hitz egiten. Espero dezagun, gizarte ereduaren inguruko hausnarketa eta definizioa Europa (a)sozialetik Europa sozialera joateko lehen pausoa izatea. Ezinbestekoa da guztiontzat.