Bilboko Udalak "segurtasun plan" berezia diseinatu du, 2021eko Eurokopa futbol txapelketako hainbat partida San Mamesen jokatuko direla-eta. Esaterako, hiriko kaleetan hormigoizko blokez osatutako "95 hesi antiterrorista" jarriko dira. Helburua da zazpi tona arteko kamioien erasoak saihestea, Bartzelonan edota Nizan gertatuak gogoan.
Bestalde, ekainaren 14, 19, 23 eta 27ko partidak ikustera doazen futbolzaleek –Espainiako selekzioaren aldekoek tartean– doan bidaiatu ahal izango dute garraio publikoan. Bilbao Siglo XXI zerbitzu turistikoen enpresak prestatuko du beharrezko logistika, milaka txartel besteak beste, bidaiariek deus ordaindu gabe egin dezaten futbol zelairako joan-etorria, izan metroz zein autobusez.
Zaleez gain, 900 boluntarioek ere aukera izango dute doan bidaiatzeko. Zer gutxiago, UEFArentzat doan lan egingo dutela aintzat hartuta, Eragin kolektiboak gogorarazi duenez. UEFAk izango dituen abantaila fiskalak ere gogora ekarri ditu Eraginek.