argia.eus
INPRIMATU
Euroeszeptikoen igoera kezkagarria
  • Atzoko hauteskundeek utzitako titular nagusia Europa mailan alderdi euroeszeptikoek izandako igoera da ezbairik gabe. Ultraeskuinari dagokionean, arreta gehien bereganatu duen kasua frantziar estatuko Front Nationalen kasua izan da. Marine Le Penen alderdi ultraeskuindarrak bozen %25,4 lortu du, 2009an lortutako %6,3a lau aldiz biderkatuz. Mantxako kanalaren bestaldean, Nigel Farageren UKIP (United Kingdom Independence Party) alderdiak irabazi ditu hauteskundeak, Britainia Handiko botuen %29 ingururekin.

Oihan LarraƱaga @oihan70 2014ko maiatzaren 26a

Frantziar estatua eta Britainia Handiaz gain, ultraeskuinak sekulako emaitzak lortu ditu beste hainbat lurraldetan ere. Danimarka eta Austrian bozen %20 baino gehiago lortu dituzte, eta Hungaria, Finlandia eta Grezian %10 baino gehiago.

Aldi berean, espektro politikoaren beste aldean kokatzen diren zenbait alderdik ere oso emaitza esanguratsuak izan dituzte. Grezian, Syriza alderdi ezkertiarrak botuen %26,5ekin irabazi ditu hauteskundeak. Italian, Movimento 5 Estellek bozen %25,5 lortu du. Estatu espainiarrean berriz, duela lau hilabete sortutako Podemos alderdia laugarren indarra izan da.

Alderdi hauen igoera ohiko alderdi hegemonikoen krisiaren ondorio da. Krisi ekonomikoak agerian utzi du egoerari erantzun positibo bat emateko hauen ezintasuna. Sozialdemokraten kasuan gainera, eskuineko alderdiek aplikatutako neurri neoliberal berberak hartu izanak are gehiago ondoratu ditu. Ikus PASOK Grezian, PS frantziar estatuan edo PSOE espainiarrean.

Testuinguru horretan, krisiaren eraginik latzenak pairatzen ari direnen haserrea bideratzen jakin dute hasieran aipatutako alderdiek. Horren adibide da Front Nationalek emaitzarik onenak langile eta gazteen artean lortu izana.

Dena den, eta oso emaitza deigarriak izan arren, mugatua da alderdi hauek Europarlamentuan izan dezaketen eragina. Alderdi euroeszeptikoek 130 ordezkari inguru izango dituzte, baina izen horren atzean sailkatu ohi diren alderdien arteko ezberdintasunak handiegiak dira Parlamentuan bloke gisa funtziona dezaketela pentsatzeko.

Aldiz, benetan kezkagarria izan daiteke UKIP eta FN alderdien gorakadek Europako bi estatu garrantzitsutako joko-zelai politikoan eragin dezaketen radikalizazioa. Ikusi egin beharko da ultraeskuinaren igoerak zein puntutaraino gogortzen duen ohiko alderdi kontserbadore hegemonikoen diskurtsoa muturreko alderdiotara joandako boto emaileak berreskuratzeko estrategia gisa, eta horrek Europar Batasunean izan dezakeen eragina.