argia.eus
INPRIMATU
“Eurocopa honi ez” mobilizazio nazionala Bilbon, apirilaren 10ean
  • UEFAk apirilaren hasieran erabakiko du Bilbo izango den Europako Futbol Txapelketa jasoko duen hirietako bat. Alegia, Espainiako selekzioak San Mamesen jokatuko ote duen. Horren aurrean, mobilizazio nazionala deitu du Eurocopa Honi Ez ekimenak, apirilaren 10ean Bilbon.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko martxoaren 24a

Eurokopak "Bilbon eta Euskal Herri osoan areagotuko duen errepresio eta militarizazioa" salatu dute plataformako kideek, baita "nazio zapalkuntza eta izaera faxista duten taldeen presentzia" ere. Mobilizazioa baino lehen, hilaren 27an, agerraldia egingo dute Bilboko udaletxearen ateetan, 18:00etan.

Hain justu, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hainbatetan berretsi du Eurokopa Bilbora ekartzeko desioa. Hilaren hasieran, esaterako, UEFAren ustezko zalantzen aurrean, "harridura" agertu eta Udalaren apustua argia dela azaldu zuen, sei urte daramatzatela proiektuaren inguruan lanean, dirua –"eta lan ordu mordoa"– inbertituta. Orduan adierazi zuenez, Eurokopa hartzeak mesede handia egingo lieke "une hauetan hainbeste sufritzen ari diren sektoreei, ostalaritza eta merkataritzari adibidez, izan dezakeen inpaktu ekonomikoagatik".

Babesa "Eurocopa honi ez" ekimenari

Egunotan hainbat eragile eta futbolzale talderen babesa jasotzen ari da Eurokoparen kontrako kanpaina, Euskal Herrikoenak (Indar Horibeltz, Altsasuko gaztetxea...) eta Espainiako Estatuko beste batzuenak (Murtziako United Class, Troopers Reus...).