argia.eus
INPRIMATU
“Eurocopa honi ez. Gelditu dezagun”
  • Larunbata apirilak 10, goizeko 11:00k, balizko Eurokoparen segurtasun-hesiaren eraikuntza lanak San Mames estadioaren atarian, eta horrekin aurrez aurre, Eurocopa Honi Ez! plataformaren materiala saltzen duen postu bat. Minutuak aurrera joan ahala, gazte taldeak biltzen hasi dira zelaiaren inguruko kale, taberna eta kafetegietan. 12:00ak heldu dira, eta milaka lagun daude jada; gehiegi, modu desordenatuan egoteko. Manifestazioaren antolatzaileek “Eurocopa honi ez, gelditu dezagun” dioen pankarta zabaldu dute Felipe Serrate kalearen parean, eta hiru zutabetan banatu dituzte bertaratu diren guztiak, segurtasun distantziak errespetatuz.

Mikel Eizagirre 2021eko apirilaren 11
Jende mordoa bildu du Bilboko manifestazioak / 'Gedar'

Manifestazioa futbol txapelketaren aurkako oihuekin hasi da, Sabino Arana etorbidean behera. Ertzaintza hiru furgoirekin atzetik zelatan dutela, Bihotz Sakratuko biribilgunera iritsi eta eskuinera jo dute, Kale Nagusirantz. Saltokietatik sartu-irtenean dabiltzan pertsonak mobilizazio zaratatsuari so gelditzen dira. Ibilbidean zehar, bengalei, ke-ontziei eta plataformaren banderola laranjei eusten diete kideek. Zenbait minuturen buruan, Moyua Plazara iritsi dira, “espainolismoa suntsitu” eta “langile antolakuntzaz gelditu” aldarrizkatuz. Primark saltokiaren eraikuntza-lanean dabilen behargin bat aldamiotik mugikorrarekin filmatzen ari da manifestazio jendetsua. Eskuinetik inguratu dute plaza, Kale Nagusian behera jarraitzeko. Abandora iritsi eta Buenos Aires kalerako bidea hartu dute. Bertan, Bilboko Justizia Epaitegiaren parean, “Justizia Iñigorentzat!” oihuka hasi dira manifestariak, Iñigo Cabacasen heriotzaren 9. urteurrenean.

Manifestazioa Bilboko udaletxearen aurrera heldu da, eta antolatzaileek eskaileretan prestatu dute azken hitzartzea, mikrofonoa eskuan. Hala, milaka lagunen aurreran azaldu dute plataformaren irakurketa. Euren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioak “kosta ala kosta” ari dira eusten Eurokopa Bilbon ospatzeko asmoari. Arduradun politikoak pandemiaren, krisi ekonomikoaren nahiz eskubideen galeraren aurrean “ezikusiarena” egiten ari direla azpimarratu dute. EAJri, adibidez, “dena diruagatik” jarrera sustatzea egotzi diote kirol ekimen erraldoiaren bultzatzaile autonomiko eta lokal gisa. Horrekin bat, hilabetez hilabete jazo den askatasun zibil eta politikoen urraketa “erabat arbitrarioa” izan dela salatu du kolektiboak: “Horrela bakarrik uler daiteke Eurokopa jokatu bai, baina biltzeko debekua edo etxeratze agindua mantentzea". Azkenik, Espainiako selekzioak Bilbon jokatzeak “proiektu espainolista atzerakoian sakontzea” dakarrela ohartarazi dute.

Gasteizen ere bai

Mugikortasun askatasunen murrizketak tarteko, arabarrak ezin izan dira Bilbora joan. Hori bai, Eurokoparen aurkako protesta ez da zokoratu. Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira dozenaka lagun, lelo berarekin. Debekuak debeku eta Bilbokoa baino eguraldi kaxkarragoarekin, aldarrikapen eta irakurketa kritikoak entzun dira Gasteizen ere bai. 

Iruñean, debekua

Iruñeko Gaztelu Plazan egitekoa zen mobilizazioa debekatu egin du Nafarroako Gobernu Delegaritzak apirilaren 9an. Horren aurrean, ondokoa adierazi du Eurocopa Honi Ez-ek: “Osasun egoeraren aitzakipean izaera totalitarioko neurriak aplikatzen jarraitzen dute, askatasun politikoak berriz ere murriztuz”. Gainera, erabaki horren kontraesanak ere nabarmendu ditu plataformak: “Pandemiaren egoera Euskal Herrian nahiko ona da 13.000 ikusle San Mamesen sartzeko, baina kaxkarregia aldarri politikoak plazaratu ahal izateko”. Ondorioz, ez da manifestaziorik izan Nafarroan, baina “aldarriak zabaltzen” jarraituko dutela adierazi dute. Horrekin batera, “mobilizazioei adi egoteko” gonbita luzatu dute.