Europako Banku Zentralak erabaki duen interes tipoen igoera historiako handiena da. Euriborra da interes aldakorra duten hipoteketan kuotak kalkulatzeko bankuek erabiltzen duten tasa eta irailaren 9an %2raino igo da. Honek ekarriko du milaka familiak etxebizitza ordaintzeko bideratzen duen kostua %35 handiagoa izatea.
El Saltok landu duen erreportajean, adibide zehatz bat jarri du hipotekak zenbat garestituko diren ikusteko: M. C.-k hipoteka aldakorra duela bi urte kontratatu zuen, eta orduan euriborra eta interes tipoak negatiboak ziren. 180.000 euroko zorra du 30 urtean ordaintzeko, eta 586 euro bideratzen zituen hilero hipoteka ordaintzera. Bere hipoteka berritzen den (urtero berritzen da, kontratua sinatu zen egunarekin) eguna irailaren 9a izan balitz, bere kuota %39 igoko zen, hilabetean 816 eurokoa izanik. Eta euriborra %3ra iritsiko balitz (ekonomiako egunkariek ez dute baztertzen arrisku hau), hilero ordaindu beharrekoa 921 euro lirateke, hau da, bere kuota baino %57 gehiago.
Fotocasa webgunearen arabera, Europako Banku Zentralak interes tipoak igo izanak ekarriko du interes aldakorreko hipotekak 1.400 eta 3.400 euro bitartean garestitzea, hau da, hilean 124 eta 288 euro artean. Eta hori guztia euriborra %1,5ean egongo balitz kalkulatuta aurreikusi du Fotocasak, zeina dagoeneko %2ra igo den.
"Oinarrizko gaien gastua %16 igo zaizula 2021rekiko? Lasai, badator Europako Banku Zentrala eta hipoteka %37 igoko dizu konpontzeko" dio Carlos Sánchez Mato ekonomialariak El Salton. Artikulu honetan azaldu du argindarraren prezio igoerak ekarri dituen ondorioak, eta oligopolioen jokaldiaren sekuentzia.
Hipoteka aldakorrak ziren gehien kontratatzen zirenak 2020ra arte, urte horretatik aurrera bogan ez badaude ere. Hipoteka duten etxeen %80 euriborrari so bizi da hilero zenbat ordaindu beharko duen jakiteko. Etxebizitzaren plataformek ohartarazi dute euriborraren igoera honek hurrengo urteetan etxekaleratze mordoa ekarriko duela.
Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako Paco Morote kideak El Saltori egindako adierazpenetan gogorarazi du 2021ean 41.000tik gora izan direla Espainiako estatuan etxe kaleratuak, eta 2022ko lehen hiruhilekoan 11.000 izan direla. Espainiako Gobernuak Etxebizitza Legea onartzeak ekar dezake egoera zerbait arintzea Moroteren arabera, baina ez edozein legek, baizik, etxebizitza mugimenduak aurkeztu dituen proposamenak onartzen dituenak.